Parranda giroan sortutako lehia izan da?
Aritz Baraiazarra: Parranda giroan atera zen gaia, bai, baina biharamunean, lagunartean, berotutakoa, orain hile bi inguru. Arauak eta eguna adostu genituen eta aurrera!
Inoiz ibili zarete aizkoran?
Xabier Olaskoaga.: Kontua ez da ez dugula inoiz aizkorarik ikusi. Inoiz eman dugu kolperen bat, baina ez horrenbeste eta halako presioagaz. Arbolaren bat edo beste bota dugu...
A.B.: Adarren bat-edo mozteko ibili dugu inoiz aizkora.
Bereziki prestatu zarete?
X.O.: Gura baino gutxiago. Entrenatzeko biok elkartzen saiatu gara, baina, bere lana edo nire ikasketak direla-eta, gaitz izan dugu. Errugbian ere jokatzen dut, eta, azkenean, ahal izan dugunean batu gara.
Apustuak ere izan dira?
A.B.: Egin dituzte, bai. Desafioaren egunaren aurretik eta egunean bertan ere bai. Bazkariak, dirua... jokatu dituzte.
Eta nor zen faborito?
A.B.: Arineketan egiteko, Xabier zen faborito. Aizkoran, ez genuen batere argi.
X.O.: Aizkoran gehiagok egin dute Aritzen alde. Eskuak gogorragoak ditu berak. Nik lehenengo 5-10 minutuetarako haustuta nituen.
Uste baino gogorragoa izan da?
A.B.: Ez genuen uste horren zaila izango zenik, baina probak egiten hasi ginenean ikusi genuen ez zela erraza izango.
X.O.: Gainera, egurra sikatzen joan ahala, gero eta zailagoa da aizkora sartzea. Hiruzpalau egunera, egurra belztu eta aizkorak errebotatu egiten zuen. Fisikoki ondo nengoen, bai egunean bertan, bai biharamunean. Erresistentzia eta muskulu aldetik ondo sentitu naiz, baina eskuak.... txarto.
Aritz, zeuk poltsikoratu dituzu 300 euroak. Espero zenuen?
A.B.: Ez nuen esperantza handirik. Egurragaz ez genuen halako esperientziarik, eta ez genekien nola ibiliko ginen, ez batak, ez besteak. Arineketan bazitekeen Xabier hobeto ibiltzea. Baina, aizkoran, edozer gerta zitekeen!
Xabier, zure lanagaz pozik?
X.O.: Galtzea ez da inoren gustuko. Baina lana amaitzea nuen helburu; bi ordu behar banituen ere, eta esku bakarra erabilita. Eskuekin nola amaitu nuen ikusita, ez nuen gutxi egin! Gogorra egin zitzaidan, baina amaitu egin nuen.
Hala ere, desafio berria bota duzu.
X.O.: Bai, inor animatzen bada... dirua berreskuratu behar da! Sanmigel inguruan egin gura genuke. Dena den, oraindik zehazteko daude eguna eta baldintzak. Orain, ekainerako 2. desafio bat ere sortu da.
Nola izan da hori?
X.O.: Giroak berotuta sortu zen, Orozketan. Kanpotik ikusita erraza ematen du, baina... gero sustua hartuko dute, igual!
A.B.: Bai! hiru kana erdiko moztu behar dituzte, eta Goiuriara igo eta jaitsi korrika.
Ikusmina sortu zuen zuen desafiok? Asko batu zineten?
X.O.: Bai, 50 lagun inguru batu ginen. Publizitatea ere egin izan da! Hala ere, lagunarteko kontu bat izan da, eguna ondo pasatzeko asmoagaz egin genuen. Gero bazkaria ere egin genuen. Egia esan, ez genuen hainbeste jende espero.
Halako desafioek adikzioa sortzen dute?
A.B.: Animatuko nintzateke berriz. Herri kirolak gogoko ditut, jardutea eta ikustea ere bai.
X.O.: Irabazleak diru gehiago irabazteko aukera ikusten du, eta galtzen duenak dirua errekuperatu gura du. Ihesik gabeko buklea da! Behintzat hemengo kirola da eta gustatzen zaigu.