Aritz Baraiazarrak irabazi du Iurretako desafioa

Jone Guenetxea 2017ko mar. 18a, 16:04

Gaur goizean, Iurretako Orozketa auzoan desafioa jokatu dute Aritz Baraiazarrak eta Xabier Olaskoagak. Bi enbor aizkoragaz mozten eta kilometro eta erdi korrika egiten Baraiazarra izan da azkarrena. 300 euro eraman ditu poltsikora. Hurrengo erronkarako hitzordua jarri dute, irailaren 16an Iurretako plazan.

Aizkoran egiten ez duten arren, Baraiazarra eta Olaskoaga 22 urteko iurretarrek parranda batean desafiorako aitzakia aurkitu zuten. Enbor bi aizkoragaz mozten eta kilometro bat eta erdi korrika egiten zein zen azkarrena jakin gura zuten. Bada, gaur izan da zalantza hori argitzeko eguna. 12:00etan, Orozketan, ikusminez gerturatu diren hainbat iurretarren aurrean nor baino nor aritu dira. Azkenean, Baraiazarra izan da garaile eta jokoan zeuden 300 euroekin joan da etxera.

Desafioek adikzioa sortzen dutela eta, Olaskoagak beste saiakera bat egin gura du irailaren 16an, Iurretako plazan. Desafio horretan, hiru enbor moztu beharko dituzte. Ondoren, Goiuriara korrika igo eta jaitsi beharko dira. Aurkari bila ari da orain.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!