Aparkalekuen zonalde laranja ordainpekoa izango da, osoko bilkuran eztabaidatu ondoren

Anboto 2014ko aza. 17a, 10:07

Urtean 45 euroko kuota ordaindu beharko da egoiliarren txartela eskuratzeko. Bilduk txartela doakoa izatea eskatu du emendakin baten bidez, baina proposamena ez da aurrera atera. EAJ, PSE-EE eta PPren ustez prezioa zentzuzkoa da; Bilduren iritziz doako txartela nahikoa izango litzateke zerbitzuak ondo funtzionatzeko.

Goizean egindako osoko bilkuran 2015erako ordenantza fiskalak onartu dituzte. Bigarren urtez jarraian izoztu egingo dituzte zerga eta tasak, baina badago nobedade bat: Pasa den astean martxan ipinitako aparkaleku sistema dela-eta, tasa berria onartu dute iurretarrek egoiliarren txartela eskurtatzeko: Urtarriletik aurrera, urtean 45 euro ordaindu beharko dira. EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotzien botoekin onartu dute tasa berria; Bilduk kontra bozkatu du, txartela doakoa izan beharko litzatekeela defendatuta.

"Ez dugu argi ikusten zergatik izan behar diren 45 euro eta zertarako erabiliko den diru hori", argudiatu du Bilduko Zorion Agirrezabalek. Prezioa beste herri batzuetako txartelen prezioak kontutan hartuta jarri dela azaldu dute. "Iurretan, baina, lana ez da azpikontratatuko eta udaltzainek euren ordutegi barruan egingo dute lan zerbitzu honetarako, beraz, ez dugu gainkosturik ikusten".

Gainerako alderdiek argudiatu dutenez, mantenimentu gastuak egongo dira tartean. Sistema "etenbako ebaluazioan" dagoela nabarmendu du Iñaki Totorikaguena alkateak: "Denborak esango du aldatzea komeni den edo ez". PSE-EEko Marian Muñozek ere antzerako iritzia du: "Ikusi beharko dugu zelako diru-sarrerak eta gastuak ditugun zerbitzu honekin, eta agian denboragaz baten bat kontratatu behar dugula konturatuko gara". Bilduk buelta eman dio argudioari: "Probatu genezake zero eurotan, eta denboragaz ikusi ea baten bat kontratu behar den eta tasa ipini behar den".

Garajedun iurretarrak

Egoiliarren txartela ordainpekoa izateko argudioen artean, garajea duten iurretarrei dagokion kontua dago. Ordaindu beharko denez, garajea dutenek txartela atera ez, eta autoa euren garajeetan utziko dutela azaldu dute EAJ eta PSE-EEko ordezkariek: "Bazkalorduan, batez ere, garajedun jende askok kalean uzten du autoa", aipatu du Marian Muñozek; marrak urdinez eta laranjaz margotu direnetik hutsuneak asko igartzen direla gaineratu du. Zorion Agirrezabalek erantzun dio hori ezer ordaindu barik igarri dela. Garajea duten herritarrek zerga eta mantenimendu gastuak dituztela gaineratu du, eta horregatik ez duela uste bueltaka ibiliko direnik kotxea kalean aparkatzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!