Apurka-apurka aparkatzeko araudi berrira ohitzen hasi dira iurretarrak

Anboto 2014ko aza. 13a, 09:43

Lurrean koloretako marra berriak daude margotuta, eta udaltzainen bulego aurrean TAOko tiketa ateratzeko makina. “Egoiliarrak” idatzi dute, kolore laranjaz, Tellituko aparkalekuaren sarreran. Udaltzainak autoz auto ibili dira asteon aparkalekua eta trafikoa arautzeko ordenantzaren berri ematen. Astelehenean hasi ziren aldaketak aplikatzen.


Iurretatik kanpoko jende askok kotxea herrigunean uzten zuela-eta, araudi berria prestatu du udalak, eta praktikan ipintzen hasi da. Aldaketa nagusietako bat da iurretarrek eurentzat gordetako aparkalekuak dituztela: Tellituko aparkalekua gorde dute eurentzat, eta Zubiaurre eta Bidebarrieta kaleetan ere egoilarrientzako lekuak daude. Asteon aparkatzeko lekua egon da toki horietan. Tellitun, adibidez, hamar autotik sei Iurretan erroldatu bakoa zela zenbatu zuten mugikortasun azterketa batean.

Leku berezitu horietan kotxea uzteko egoiliar txartela atera behar dute iurretarrek. Erregistroan mugimendua egon da asteon; 200 bat herritarrek eskatu dute honezkero txartela. Doakoa izango da urtea amaitu arte, eta urtean tasa bat ordaindu beharko da 2015etik aurrera. Datorren astean eztabaidatuko dituzte tasak eta zergak, osoko bilkuran.

Doako TAO sistema
Askondo eta Bidebarrieta kaleetan gehienez ordu eta erdi aparkatzeko 45 leku ipini dituzte. Tiketa hartu behar da udaltzainen bulego aurreko makinan, eta doakoa da. Horretaz gainera, trafikoa itxi egin dute Askondo kalean, Bidebarrietarako noranzkoan, herriguneko trafikoa gutxitzeko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!