Kaleko iritziak

Anboto 2014ko aza. 13a, 09:43

Zer iruditzen zaizu aparkalekuen arloko aldaketa?

 

Javier Medina

Lehenago aldatu behar zuten, behar handia egon da eta. Bidebarrietan, dauden atariak kontuan hartuz gero, iurretarrentzat leku gehiago beharko litzatekeela uste dut.  Maspen ere badabiltza mugitzen, eta ea lortzen duten. Askondon trafikoa itxi izana asko igarri da, lasaitasun handia dago.

 

 

 Maribel Aguilar

Garajerik ez daukagunontzat oso ondo dago eremu laranjarena. Begira zelako hutsuneak dauden [Askondon]; non daude hemen egoten ziren autoak? Garajeetan. Garajea ez daukanak zer egiten izan du? Erosketekin karga-karga eginda aparkalekutik etorri. Uste dut txartelagatik datorren urtean 45 euro kobratzen hasiko direla: ez da asko.

 

Maribi eta Beatriz Del Rio Campo

Zubiaurre kalean, Lanbideren bulegoa dagoenez, orain arte jende askok aparkatu gura izan du, eta hori herritarrentzat izatea oso ondo dago. Aste honetan hutsuneak ikusi ditugu, eta lehen ezinezkoa zen egunez aparkatzeko lekua topatzea. Tellitun ere lekua dagoela ikusi dugu. Baina Askondo kalea itxi izana ez dugu oso begi onez ikusten. Orain, udaltzainen inguruan edo Tellitun aparkatu gura baduzu, gasolindegiraino joan behar duzu. Durangotik datozenek lasterbide moduan ez erabiltzeko itxiko zuten, baina, behintzat, ipini dezatela iurretarrak pasatzeko sistemaren bat, edo asteburuetan bakarrik itxi dezatela. Atzo zerbait itzela ikusi genuen: furgoneta bat debekatutako noranzkoan sartu zen Telliturantz, Bixente Kapanaga kalea; buelta osoa ez emateagatik-edo, handik sartu zen. Arriskutsua da, oinezkoak ohituta gaudelako leku horretan bidea pasatzerakoan norabide batera bakarrik begiratzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!