Espainiako Koparako puntuagarria den ziklo-kros proba jokatuko dute domekan, Elorrion

Anboto 2014ko aza. 7a, 13:10

Datozen hiru asteburuetan Durangaldea ziklo-krosaren erdigune bihurtuko da. Domekan, Espainiako Koparako puntuagarria den lasterketa lehiatuko dute Elorrion; azaroaren 16an eta 23an, berriz, Euskadiko Txapelketarako baliagarriak diren proba bana izango da Zornotzan eta Berrizen, hurrenez hurren.


Elorriokoa Espainiako Kopako laugarren proba da, eta Elorrioko txirrindulari elkarteak  antolatuko du. Urtero legez, San Jose inguruko landetan atonduko dute 2,9 kilometroko luzera duen zirkuituko zatirik luzeena. Euria egiten badu, zirkuitua ohikoa baino gogorragoa izango da, eta parte-hartzaileen jarduna baldintzatu dezake.

Lasterketa maila guztietan lehiatuko dute: elitean, 23 urtez azpikoan, kadeteetan, juniorretan eta master mailetan. Gizonetan Aitor Hernández ermuarra da irabazteko faborito nagusia, Espaniako Kopako lehenengo hiru lasterketak irabazi dituelako; joan zen asteburuan Muskizko eta Laudioko probetan nagusitu zen. Baina ez da faborito bakarra. Kevin Suárez kantabriarra eta Felipe Orts valentziarra ere maila onean dabiltza. Ortsek estu hartu zuen Hernández Muskizko proban. Javier Ruiz de Larrinaga ere ezin daiteke baztertu faboritoen zerrendatik. 23 urtez azpikoan Orts eta Suárez dira hautagai nagusiak. Maila horretan, Muskiz eta Laudioko probak irabazi ostean, valentziarra sasoi hobean dagoela ematen du.

Emakumeetan asturiarren artean egon daiteke garaipena: Aida Nuño izan zen garaile Muskizen, eta bera da gaur egungo txapelduna. Guztira, hiru bider irabazi du Espainiako Kopa. Lucía Gonzalezek 2013an irabazi zuen Espainiako Kopa, eta Nuño bigarren geratu zen.

Kadete mailan Iurretako CAF Transport Engineering taldeko Saioa Gil da faborito nagusia. Orain arteko ziklo-kros proba guztiak nagusitasunez irabazi ditu.

ORDUTEGIA
- 09:00 Master 40, 50 eta 60 mailak.
- 10:00 Master 30 maila.
- 11:00 Kadeteak mutiletan eta nesketan.
- 11:45 - 12:10 Maila horietako sari banaketak.
- 12:15 Junior neska eta mutiletan; emakumeetan elite eta 23 urtez azpikoa.
- 13:15 Elite eta 23 urtez azpikoak gizonetan, eta seniorrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!