Tratu eta eskubide berak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Iturriaga 2014ko aza. 7a, 08:30

Azkenean, lehenengo aldiz, neskak ados jarri dira, eta guztiari egin diote aurre! Bai, heldu da nesken arteko adostasuna, eta denen artean aldarrikatu dituzte euren eskubideak, eta neska-mutilen arteko berdintasuna eskatu dute.


Orain dela hamaika urte jarri ginen emakumeak lehenengo aldiz Frantziako Tourreko antolatzaileen kontra, eurek eskaintzen zizkiguten ostatuen aurka, nolabait deitzearren, protestatzeko, baina orduko liderrak bizkarra eman zigun, eta ezin izan genuen ezer egin, eta desparekotasun guztiei eutsi egin behar izan genien urteak joan eta urteak etorri.

Kirolean beti izan da desberdinkeria hori, eta askotan guk eduki dugu errua, denok ados ez egotearren; baina oraingoan bai! Kristoren oihartzuna izan du, gainera, bai sare sozialetan, bai prentsan. Lasterketa aurretik egindako manifestazioak eduki duen eragina izan da garrantzitsuena, eta neskekin batera agertu diren mutilen bultzada ere bai.

Ez gara kexatzen kexatzearren, arrazoiak ere baditugu: sari txikiagoak (ia 2.000 euroko aldea), ez dago kategoria ofizialik, beti mutilekin irten behar, Estatuko selekzioak ez ditu Munduko Txapelketara eramaten, prentsan nesken sailkapenak gutxitan agertzen dira... Eta, horrela, bihar arte jarraitu dezaket. Behingoz pozik nago, kasu egin digutelako, eta hasi bakarrik egin gara, ez izan zalantzarik. Geuk ere mutilen moduan entrenatzen dugulako, sufritzen dugulako, prestatzen garelako... Gure mailan izan arren, ekina berbera da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!