Iurretako etapagaz hasiko dute gaur 27. Emakumeen Bira

Anboto 2014ko eka. 12a, 09:25

Hemezortzi txirrindulari taldek parte hartuko dute Biran; 108 txirrindularik, guztira. Tartean izango dira Bira birritan irabazi duen eta munduko txapelduna den Marianne Vos herbeheretarra. Aurten ez da erlojupekorik egongo Birak iraungo duen lau egunetan.

Iurretan hasi eta amaituko duten etapagaz hasiko dute gaur Emakumeen Bira. 16:00etan Iurretan irten eta lehen zati eramangarri baten ostean, Zumeltz eta Urkiola (Otxandiotik Durangorako norabidean) igoko dituzte. Ondoren, Mañaritik helmugara 6 kilometro eskas geratuko dira. Oro har Durangaldeko hainbat herri zeharkatuko dituzte lehen etapa honetan: Iurreta, Abadiño, Elorrio, Berriz (Miotatik helduko dira), Otxandio, Mañaria eta Izurtza.

Biran hemezortzi taldek hartuko dute parte, eta horietako hiru euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointek eta CAF Transport Engineering. Azken hori, Emakumeen Bira ZKEren taldea da. Biran parte hartu gura zuten, baina horretarako talde edo aukerarik gabe zeuden txirrindulariei aukera eskaintzeko baliatuko dute. Tartean Ziortza Isasi elorriarra dago; 19 urtegaz bere lehenengo Bira izango da. Eneritz Iturriaga izango da talde horretako zuzendaria Biran.

Faboritoak

Izena eman dutenen artean Marianne Vos (Rabo Liv Women) dago; herbeheretarrak birritan irabazi du Bira eta gaur egungo munduko txapeleduna da. Asteon Durango-Durango klasikoa irabazi du Vosek. Iazko irabazle Emma Johansson suediarra (Orica-AIS) ere irteera puntuan egongo da. Iaz bigarren geratu zen Elisa Longo (Hitec Prioducts) eta Emma Pooley (Lotto) ere faboritoen artean daude.

 

Datozen etapak

2.etapa: ekainak 13 · Oñati-Oñati (113,7 km)

Lehenengo zatia laua da, eta errodadoreentzat aproposa. Azken txanpan Udana eta Atagoiti Gane igoko dituzte, baina ez dira mendate lar gogorrak. Atagoitik %4 inguruko desnibela du batez beste. Baina mendateekin beti gertatzen den legez, lasterketako erritmoak markatuko du benetako gogortasuna. Azkenengo 10 kilometroak azkarrak eta beheranzko joeragaz izango dira.

3.etapa: ekainak 14 · Arrieta-Mungia (91 km)

Etapa konplikatua da, eta oso gogorra izan daiteke. Ia ez dago lautadarik, eta ibilbide gorabeheratsu bati aurre egin beharko diote txirrindulariek. Hankek ez dute indarberritzeko modurik izango ibilbide osoan. Aurreikuspenen arabera, Birako sailkapen nagusirako borrokan dabiltzanek protagonismoa hartuko dute etapa honetan. Denborak markatuko dituen etapa izango da. Arrieta eta Andraka dira hirugarren etapako mendateak.

4.etapa: ekainak 15 · Ataun-Ataun (115,4 km)

Arrieta-Mungiakoagaz batera Birako etaparik gogorrena da , dauden mendateengatik eta txirrindulariek aurreko etapetako ahalegina igarri dezaketelako. Urkillaga birritan igoko dute. Lehenengo igoerak galbahe lana egingo du, eta bigarrena helmugatik gertu dago. Hori gutxi balitz, igoera bien artean Abaltzisketa gaina ere igaro beharko dute txirrindulariek. Ez dira mendate luzeak, baina bai gogorrak: %8-9ko desnibelak daude aldapa askotan, eta %11ra heltzen dira une batzuetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!