Espainiako txapelketarako prestaketa bide onetik darama Gurutze Fradesek

Anboto 2012ko ira. 11a, 09:19

Irailaren 30ean distantzia luzeko triatloien Espainiako txapelketa lehiatuko du Gurutze Fradesek. Hitzordu horretarako prestaketa moduan, asteburuan Extreme Man Narbonne lasterketan parte hartu du Frantzian eta irabazi egin du.

Irailaren 30ean distantzia luzeko triatloien Espainiako txapelketa lehiatuko du Gurutze Fradesek. Hitzordu horretarako prestaketa moduan, asteburuan Extreme Man Narbonne lasterketan parte hartu du Frantzian eta irabazi egin du.


Iaz distantzia luzeko triatloien Espainiako txapelketa irabazi zuen Gurutze Fradesek (Mugarra triatloi taldea) eta aurten garaipena berritu gura du. Urterik urtera txapelketa horretako ibilbidearen luzera aldatu egiten da, tokian tokiko baliabideen arabera. Aurten, Calellan (Bartzelona) prestatuko dute ibilbidea eta iron man baten luzera izango du (3,9 km igerian, 180 bizikletan eta 42 korrika). Gurutze Fradesek lehenengoz parte hartuko du iron man distantzia duen proba batean. Horregatik, azken aldian burubelarri dabil prestaketa lanetan.


Horretarako balio izan zion Frantziako lasterketak. Iron man erdi baten distantzia izan zuen probak. Bizikletako tarteari bosgarren tokian ekin zion iurretarrak eta lehenengo ipini zen korrika hasi aurretik. Ordutik helmugara atzekoekiko aldea areagotu zuen. Hauxe izan zen bere denbora: 4.32.17. Anna Rovira sailkatu zen bigarren (4.43.18) eta Ivet Farriols hirugarren (4.53.43).  Gizonetan Mugarra triatloi taldeko Roberto Corujok seigarren amaitu zuen lasterketa.


Gurutze Frades itxaropentsu dago Calellako hitzorduari begira, baina sekula ez duenez iron man distantziako proba bat egin ez daki zelan errendituko duen: “Gogotsu entrenatzen nabil eta indartsu nago. Anbizio handia dut iazko garaipena berritzeko. Nire borrokarik handiena neure buruagaz eta neure erronkagaz izango dut. Ikusi egin beharko da distantzia horretan zelan errenditzen dudan”.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!