Obra baimena badute Abadetxea konpontzeko

Anboto 2012ko ots. 15a, 09:53

Abadetxearen eraikina lehengoratzeko lanak hasteko baimena eman du Udalak. Horretara hiru hileko epea zabaldu da obra horiek hasteko. Dena den, Bilboko gotzaitegiak landutako egitasmoak 350.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko luke eta oraindik ez dago argituta nork egingo dion aurre horri

Abadetxearen eraikina lehengoratzeko lanak hasteko baimena eman du Udalak. Horretara hiru hileko epea zabaldu da obra horiek hasteko. Dena den, Bilboko gotzaitegiak landutako egitasmoak 350.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko luke eta oraindik ez dago argituta nork egingo dion aurre horri.

 

Barne-egituraz berriztuz, teilatua konpontzea izan da gotzaitegiaren aurreneko asmoa. Egitasmoa azaltzeko Iurretako elizan egindako batzarrean ere horrela azaldu zuten urrian. Hala ere, Udalak eraikinak errehabilitazio integrala beharkio lukeela erantzun zuen. Hori aintzat hartu eta eraikinaren aurrealdea eta balkoiak konpontzeko lanak ere batu dituzte udal arduradunek oneritzia izan duen proiektu berrian.

 

Udalaren baimena lortuta, orain, parrokiaren esku itzi du gotzaitegiak eraikinaren lehengoratze lanen bideratzea. Gotzaitegira laguntza eske jo zutela argitu dute, eta diote laguntza hori eskaintzea izan dutela helburu.

 

Iñaki Totorikaguena alkateak “ondo” deritzo Abadetxea konpontzeri: “Beti uste izan dugu eraikina ez zegoela denbora luzean egoera horretan mantentzerik. Horren egoera kezka ere sortu digu eta hondamen-espedientea ere zabaldu genduen. Beraz, konpontzen bada oso ondo”. Hala ere, Udalak ez du parte hartuko obra aurrera eroateko behar den inbertsioan, eraikin pribatua da-eta.

 

Esan bezala hiru hileko epea zabaldu da obragaz hasteko (izan daiteke baita luzapean eskatzea). Argitzeko dago, baina, zelan gauzatuko den. Eraikina konpondu ostean geratuko litzake bertan behera hondamen-espedientea. 2006ko abenduan hartu zuen su Abadetxeak.

 

Urrian egindako batzarrean lau aukera eztabaidatu ziren: eraikina botatzea (gehiengoa ez zetorren bat horregaz); udalari dohaintzan ematea etorkizunean proiektu zehatz bat garatuko zukeen baldintzagaz; udalaz gain herriko eragileekin aztertzea proiektua zelan garatu; eta, Abadetxea mantentzeko akordio batera heltzea udalagaz, hasiera baten teilatua bakarrik konponduz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!