Atzo, eguena, Iurretako eliztarrei gonbitea egin zien Bizkaiko gotzaindegiak Abadetxearen inguruko batzarrerako. Hainbat proposamen egin zituen jendeak; nola edo hala, baina guztiek Abadetxea zutik mantentzea gura dute, bota beharrean.
40 lagun inguru elkartu ziren Iurretako elizan 18:00etako batzarrean. Gotzaindegiak ordezkari Jose Mari Ziarrustak orain arte garatutakoa azaldu zuen, eta gero eliztarren iritzia entzun zuen. Azaldu zuen, berari laguntza eske deitu ziotela parrokiatik, eta arkitektu bateri teilatua konpontzeko proiektua eskatu ondoren, 300.000 euroko aurrekontua izango zuela. Udalak martxan du hondamen-espedientea, eta hori ekiditeko era bakarra proiektu bat aurkeztea ei zen. Baina gotzaindegiaren ideia teilatua konpontzera mugatzen da, barne-egitura berriztuz, eta udala ez dago ados horregaz, errehabilitazioak integrala beharko lukeela esanez. Errehabilitazio osoak, etxearen lehen pisua metro bat altxatzea ekarriko luke, araudiaren arabera ur-maila baino 75 zm beherago dagoelako.
Gotzaindegikoak azaldu zuen, bere ustez "aukera txarrena eraikina botatzea" dela, "ondareagatik eta duen kokapenagatik". Baina proiektuaren gastua parrokiaren kargu joango litzatekela argitu zuen. Orduan, eztabaida zabaldu zen, eta iritziak batuta, lau aukera aztertzea adostu zuten. Lehen aukera botatzea litzateke, baina gehiengo zabal batek ez du bat egiten ideieagaz. Bigarrena, eraikina udalari dohaintzan ematea -herriko abadeak proposatua-, etorkizunean proiektu zehatz bat garatuko zukeen baldintzagaz. Hirugarrena, udalagaz akordio batera heltzea Abadetxea mantentzeko, baina hasiera batean teilatua bakarrik konponduz. Laugarrena, udalaz gainera, herriko eragileekin aztertzea proiektua zelan garatu ahalko zen.
Iritzien artean, batek baino gehiagok esan zuen, obra bat egin aurretik geroko zer egitasmo geratuko litzatekeen adostu beharko litzatekeela: " teilatua konpontzea gero zer egingo den jakin barik, zentzugabea da", zioen batek. Beste batek, eraikinak su hartu aurretik bertan egondako elkarteekin berba egitea plazaratu zuen, eta orain arte egin ez izana salatu zuen. Gainera, "eraikina bere sasoian herritarrek altxa" zutela eta gero "gotzaindegiak bere izenean ipini" zuela gogoratu zuen; beraz, arrazoi gehiago zeudela elkarteekin batzeko. Duela urte batzuk, su hartu aurretik, udala eta gotzaindegia negoizazioetan ibili ei ziren, eta gotzaindegiari bota zion batek errua eraikinari prezio altuegia jartzearren. Kontuak kontu, konponbidea ez da argi ikusten Abadetxearen gaian.