Iñaki Totorikaguena alkate jeltzaleak jakinarazi duenez, joan zen barikuko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten "Abadetxea erosi eta berrizteko asmoa behin betiko alboratzea". Eraikinari etorkizunean eman ahalko litzaiokeen erabilera ez dutelako "funtzional" ikusten hartu dutela erabakia dio Totorikaguenak. Udalak Abadetxea eraikinarentzako zuen asmoa burutu ahal izateko prozesuan, besteak beste Uren Euskadiko Ura Agentziara jo zuen Udalak, Totorikaguenak azpimarratu duenez (eraikina errekaren eragin-eremuaren barruan dagoelako). Uren agentziak egin zuen txostenak, "beheko solairua ezin erabiliko litzatekeela" jasotzen zuen, Iurretako alkateak dioenez, eta berrikuntza eraikinaren egitura eta azalera aldatu barik egin beharko litzatekeela. Horrela, eraikina berriztekotan, "beheko solairua eta goiko solairua erabili ezinda egongo ginateke". Erabilgarri beraz, 300 metro karratu inguru geratuko lirateke. Honen aurrean, alkateak azaldu duenez, ingenieritza enpresa bati balorazioa egitea eskatu zion Udalak; berrikuntzak izango lukeen kostea eta eraikinak izango lukeen funtzionaltasuna balantzaren alde batean ipinita, eta hain eraikin zaharraren barrikuntzak sortuko dituen zailasunak ikusita, onura txikia lortzeko, kostu "altuegia" izango litzatekeela ondorioztatu zuten. Eraikinaren berrizteak suposatuko lukeen "kostu ekonomikoa" jasanezina delako, azaldu du utziko dutela bertan behera, Udalaren asmo historikoa izan dena. Barikuko erabakiaren ondoren, Udal Gobernuak Abadetxean burutzekoak zituzten egitasmoak (liburutegiaren leku-aldaketa kasurako), ez dira azkenean burutuko. "Penagaz", esan du Totorikaguenak, herrian hain "enblematikoa" den eraikina erortzekotan dagoela adierazten espedientea osatzeari ekingo diotela orain aurreratu du. Dena den, eraikinaren gaineko azken erabakia orain, jabeena dela azpimarratu du alkateak, eta "beraiek berriztea erabakitzeko" aukera badagoela.