Bost ikuskizun kaleko antzerki jaialdiaren bosgarren ediziorako

Anboto 2011ko eka. 8a, 15:35

Euskal Herriko antzerki taldeen lanaren erakusle izango dira, ekainaren 17tik 19ra, bosgarren urtez, Iurretako plaza eta kaleak.

Euskal Herriko antzerki taldeen lanaren erakusle izango dira, ekainaren 17tik 19ra, bosgarren urtez,  Iurretako plaza eta kaleak. “2007an hasi ginenean ez genekien abentura honek nora eroango gintuen, eta pozgarria da bost urteren ondoren hasitako lanari jarraipena emateko gogotsu egotea”, esan zuen Iñaki Totorikaguena jarduneko alkateak eguazteneko aurkezpenean.

“Lehenengo urteetan jaialdia antolatzen Mikel Deuna elkarteagaz hainbeste lagundu zigun Mari Tere Zugaza-Artaza” hartu zuen alkateak gogoan. Totorikaguenaren aldamenean, jaialdiaren barruan Vuelta y vuelta obra eskainiko duenTrapu Zaharra taldeko Santi Ugalde kidea eta jaialdiaren dinamizatzaile lana burutzen duen Deabru Beltzak taldeko Argitxu zuzendaria izan ziren aurkezpenean.

Orain pare bat urte El pisito kale antzerkiagaz Iurretara etorri ziren eguna ondo gogoratzen duela aipatu zuen Santi Ugalde antzezle ezagunak: “Iurretara gentozen lehenengo aldia zen, eta harrigarria egin zitzaigun hemen topatu genuen ikuslegoa: oso anitza, eta ikusteko gogotsu zegoena”. Ugalderen berbetan, “oso pozgarria da halako antzerki jaialdi bat temati mantentzen duen herrian antzezlan berria aurkeztera etortzea”.

Trapu Zaharra antzerki taldeak Kalez Kalera aurten dakarrena “krisi ekonomikoaren eragina jasaten duten komertzial biren istorioa da, gizarte merkantilista eta kontsumistari umoretik kritika egiten diona”, Ugaldek dioenez.

Trapu Zaharra, Ganso & Cia, Kukulbiltxo, Madiber magoa eta Pikor taldeen lanak izango dira Iurretan gozagai. 

Ekainaren 17an
· Kukubiltxoren Kukubel, 17:30ean San Migel plazan
· Pikor taldearen Ellas bailan solas, 21:00etan, Dantzari plazan
Ekainaren 18an
· Madiber magoa, 17:30ean, Dantzari plazan
· Trapu Zaharra taldearen Vuelta & Vuelta, 21:00etan, Askondon
Ekainaren 19an
· Ganso & Cia. taldearen Mediopelo, 13:00etan, Dantzari plazan
Ekainaren 21ean
· Umeen danborrada, 11:30ean
· Musika emanaldia, 19:00etan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!