Kale antzerkiaren asteburua da datorrena

Anboto 2010ko eka. 15a, 13:09

Laugarren aldiz jarraian aurkeztu dute Iurretan Kalez Kale antzerki jaialdia; ekainaren 18, 19, eta 20an Amilburu, Dantzari eta San Migel plazetan, eta herrigunean zehar izango dira kaleko bost antzerki emanaldiak.

Laugarren aldiz jarraian aurkeztu dute Iurretan Kalez Kale antzerki jaialdia, eta egoera ekonomiko zaila bizi dugun arren, \"apustua sendoa\" dela, eta jarraitzeko asmoa duela azpimarratu du aurkezpenean alkateak. Artekale Antzerkiko elkartearen lehendakariak, egoera ekonomiko latzean hau lako jaialdiak bultzatzen jarraitzea eskertu dio Iurretako Udalari. Dohako sei kale antzerki emanaldi ekarriko ditu Iurretako txoko desberdinetara jaialdiak. Hasteko, Patxin eta Potxin pailazoen Kresalaren usaina clown eta malabare emanaldia egon da ekainaren 18an, 17:30etan, eta hiru emanaldi izango dira ekainaren 19an: Salitre taldearen On egin mon amour, 13:00etan kaskoan; En la Lona-ren Momento Ridiccoli, 17:30etan Amilburu plazan; eta Markeliñeren Terapia 22:30etan San Migel plazan. Dantzari plazan da, ekainaren 20an bestalde, Zirika Zirkus taldearen Pantxika.

Danborrada eta omenaldia

Ekainaren 21ean den Musikaren Egunagaz bateginda Maiztegi eskolako umeen danborrada egongo da astelehenean, 15:00etan. Kalez Kale jaialdiaren egitarauaren barruan jasota dauden emanaldiez gainera, mende laurdena bete duen Mikel Deuna kultur elkarteari omenaldia egingo diotela aurreratu dute aurkezpenean: 25 urtean euskal kultura sustatzen egindako lana eskertu gura diete elkartekideei. Cotton Club Dixie Jazz Band taldearen 19:00etako emanaldiagaz emango da ekainaren 21ean egitaraua itxitzat.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!