Antzerki jaialdia Iurretan, estreinekoz

Anboto 2007ko uzt. 12a, 13:44

Lehenengo aldiz antolatu du aurten Iurretako Udalak Kalez kale izendatu duten antzerki jaialdia. Uztailaren 13 eta 14an izango da.

Lehenengo aldiz antolatu du aurten Iurretako Udalak Kalez kale izendatu duten antzerki jaialdia. Uztailaren 13 eta 14an izango da, gaur eta bihar, beraz. Antzerkiaren hainbat adierazpide herritarrengana hurreratzeko asmoarekin abiatu dute.

Iurretako kaleak izango dituzte jaialdi honetako antzezleek eszenatoki, bi egunez. Helburua antzerkia kalean dabilen jendearengana hurbiltzea dute antolatzaileek, eta ume eta nagusiei eskura ipintzea antzerki ikuskizunez gozatzeko aukera. Horregatik, aurreratu dutenez, ikusle mota askotarikoentzako apropos pentsatutako ikuskizunak ekarriko dituzte egun bi horietan Iurretako plaza eta kaleetara.



Duela hilabete batzuk, hauteskundeen atarian, Partido Popular alderdiko Iurretako zinegotziak egindako proposamen batean jasotzen zuten halako jaialdi bat antolatzeko asmoa, lehenengoa izatekotan. Lehenengoz egingo dute, bai, halako jaialdi bat Iurretan.

Gaur bertan, uztailaren 13an, bariku arratsaldean abiatuko da jaialdia, 18:00etan Amilburu plazan, hain zuzen ere. Orduantxe egingo du Iurretako Kalez kale lehenengo antzerki jaialdiaren aurkezpena Saturnino Garcia aktore ezagunak.



Aurkezpena eginda, Amilburu plazatik Aita San Migel plazarainoko bidea egingo dute kalejiran, malabarista, pailazo eta akrobaten ikuskizunekin. Koblakari taldeko hankaluze eta malabaristen emanaldi batekin bukatuko da kalejira, eta ikuskizuna eskainiko dute, ondoren, Aita San Migel plazan.

Aita San Migel plazatik mugitu beharrik barik, musika ikuskizun batekin jarraituko du jaialdiak. Doro Zobaran antzezle eta kontalariaren ahotik ezagutu ahal izango dituzte ikusleek nomada euskaldun baten abentura eta istorioak. Bidaiatzen ari dela gauzak ikasten dituen lagun baten istorioak kontatuko dizkigu Zobaranek Buhamea izeneko ikuskizunean, iluntzeko 20:00etan, Aita San Migel plazan.

Zapatua egun luzea izango da, eguerdian hasita kaleak girotuko dituzten ikuskizunak etenik bakoak izango direlako Iurretan, kalerik kale.

Bego Gomez antzezlearen clown ikuskizuna izango da 12:30ean Amilburu plazan. Familia guztiak gozagarri izango duen ikuskizuna. Askotariko arrazoiengatik euren seme-alabak bakarrik hazi behar dituzten amen errealitateari buruzko gogoeta egingo du Bego Gomezek, clownaren teknika baliatuta eta ikuslearen irribarrea bilatuz.

19:00etan La Ressistens taldearen antzerki ibiltaria izango da Kalez kale jaialdiaren gune nagusien artean: Amilburu eta Aita San Migel plazen artean, hain zuzen ere. Umorea baliatzen dute ikuskizun honetan, munduan bere lekua bilatzen ari den munduko azkenengo herri nomadaren istorioa kontatzeko. Brakala izeneko herri horren alaitasuna dantzen eta oihuen bitartez zabalduko dute La Ressistensekoek.

Antzerki klasikoagoak ere izango du bere lekua Iurretako kaleetan uztailaren 14an. Jaialdiaren aurkezpenaz arduratu den Saturnino Garcia antzezlea Tiempo de poetas ikuskizuna emango du 20:30ean Ibarretxe kultur etxean. Espainiako poesiaren adierazle nagusien testuekin osatutako ikuskizuna da: Quevedo, Garcia Lorca eta Lope de Vegaren testuak oinarri hartuta eratutako lana da erakutsiko dutena.

Azulkillas bikotearen Encubrando la luna ikuskizunak itxiko du aurtengo Kalez kale jaialdia, Aita San Migel plazan. Musikak, argiak eta antzezleen akrobaziek osatutako ikuskizuna da. Euskal konpainia onenaren saria jaso zuten 2005ean Azulkillas osatzen duten Gloria Peon asturiarrak eta Maider Yabar euskaldunak. Ikusgarria izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!