Mendeurrena bete duen bandera herriari zabalduz

Anboto 2011ko eka. 2a, 08:33

1911 Herri Batzordea sortu da urte osoan izango diren ospakizunetarako

1911 Herri Batzordea sortu da urte osoan izango diren ospakizunetarako.

Herriko banderak mendea bete duela-eta, ospakizun urtea dute Iurretan. 1911 Herri Batzordeak nabarmendu duenez, Iurretako bandera eta agintariaren makila (txusue) elizatearen “nortasuna” dira, eta herria ordezkatuz eroan dute batera eta bestera: “iurretar guztiona da bandera, eta hala behar du ospakizunak ere; urte guztikoa”. Parte hartzera deitu dute herritarrak.


Besteak beste, komertzio eta kofradietan banderaren metakrilatozko oroigarriak banatu dira, eta kofradietako jaietan ere presente izan dute bandera; Iurretako futbol taldearen igoera ospatzean ere bai. Herritarrek etxean jartzeko banderaren erreplikak ere egin dituzte. Ekainari begira, domekan, aizkolari eta harri-jasotzaileak egongo dira Bixente Kapanagan, eta 11n pailazoa eta jolasak Amilburun. Ekainaren 24,25 eta 26an, gazte egunak eratuko dituzte Gazte Asanbladagaz.

Aurrerago ere antolatuko dituzte hainbat ekitaldi, uztailean, esaterako, hala ere, iraila izango dute hile gogorra. 

 


 

Kofradia guztiak bandera beraren estalpean batuz

Ikuspuntu historikoa ahaztu barik, banderarenganako eta herriarenganako “sentimendua” jasotzeko, ikus-entzunezko “dinamikoa” aurkeztu du 1911 Herri Batzordeak. Mendeurrena aintzat hartuz, Iurreta, Oromiño, Bakixa,Arriandi, Orozketa eta Goiuria, bandera baten inguruan elkartu dituzte, 25 elkarrizketatik gora jasoz.
Garaiko alkate Gontzal Sarrigoitiaren esana -125 urte ditu Gariako banderak- eta Igor Elortza bertsolariarena ere jaso dute. Ziortza Jaio, Oihane Isasik, Eneko Barroeta eta Asier Otaduik sortutako lana da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!