Iurretan gordetzen duten banderarik zaharrenak ehun urte betetzen ditu; hori gogoratzeko herri batzordea sortu dute.
Iurretako leku askotan ikusgai dago; okindegian, tabernan, mendi irteerako kartelaren txoko batean... Herrian gorde duten banderarik zaharrenak 100 urte betetzen ditu aurten, eta mendeurrena gogoratzeko herri batzordea eratu dute.Zelan sortu zen banderaren mendeurrena ospatzeko batzordea?Eneko Barroeta: Orain daukagun Iurretako banderarik zaharrenak 100 urte egiten ditu. Gu dantzarien mundutik gatoz, eta banderari data ipini eta horren inguruan zer edo zer egiteko momentua zela ikusi genuen.
Asier Otadui: Guk argi geneukan bandera ez dela dantzariona bakarrik, eta ez daukala alde bakarreko zentzu politikorik: bandera herritar guztiena da, eta derrigorra zen batzordea herrira zabaltzea. Gaur egun dozena erdi lagun batzen gara batzordean. Batzen garenez gainera, gauza jakinetan laguntzeko prest jende asko agertu da.
Orain ehun urte diseinatu zuten bandera hori?E.B: Ez, aspaldikoa da bandera! Diseinua Erdi Arokoa da. Gero urteak, joan eta etorri, ordezkoak egin dira. Oraindik kontserbatzen den bandera zaharrenak dauzka ehun urte.
Bandera ikusita, askok dantza taldeagaz lotuko du.E.B.: Urte askotan dantza taldeak erabili du gehien, eta gaur egun ere udalak eta dantza taldeak erabiltzen dugu gehien.
A.O.: Azkenean dantza taldea dantza egitera doanean herria ordezkatzera joaten da, eta bandera eramaten du. Ezkontzetara ez dugu eramaten, dantza talde moduan ez garelako joaten, baina herriaren izenean dantza egiten dugunean bai.
E.B.: Baina bandera ez da bakarrik dantzariena; herri guztiarena da.
A.O.: Ikusten genuen guk ezin geniola egin omenaldi bat gauza bati gurea bakarrik ez denean. Dantzarion aldetik egingo diogu zer edo zer, baina herri guztiak ere bai, gura badu.
Batzordean zer egin duzue orain arte?A.O.: Banderaren irudia duten metakrilatozko euskarriak banatu ditugu herri guztian, eta udaletxearen aurtengo egutegian ere bandera agertu da. Udalak beste irudi bat zeukan pentsatuta, eta birdiseinatu egin zuen dena bandera eta guztiko egutegia ateratzeko.
E.B.: Ikur hori zabaltzeko deia egin diogu herri guztiari: iurretar guztiek ikusi dezatela ikur hori ogia erosterakoan, kafea hartzera doazenean... Zer ospatzeko asmoa dugun jakin dezatela.
Bakixako jaietan zer edo zer egingo duzue...E.B.: Bai. Denboraz oso justu gabiltza, baina banderaren informazioa herrira zabaltzen bertako jaietan hasiko gara. Herrira zabaltzearen kontu hori kofradietara ere zabaltzen da.
A.O.: Udaletxeko egutegiaren atzean ere jartzen du: \"Sei kofradia, bandera bat\".
Elkarteek eta herritarrek zelan hartu dute proposamena?E.B.: Azken batzarrean hogei elkarte baino gehiagotik, bost elkarte baino ez ziren falta. Elkarte batzuk gutunetan-eta banderaren logotipoa sartu dute honezkero.
A.O.: Gura duguna da jendeak bazter guztietan ikusi dezala banderaren urteurrena dela. Banderak herriko ekitaldietan leku txiki bat izatea, hori bakarrik, omenaldia egiteko era bat da.
E.B.: Oso pozik gaude jendearen erantzunagaz, eta proposamenak eta laguntza jasotzeko prest gaude.
A.O.: Azkenean bandera herriaren ikurra da, eta herria maite baduzu normala da ikur hori goratzea.
Honek badauka iurretar izatearen harrotasunagaz lotura...E.B.: Durangoko lagunek hori esaten didate; berezitxoak garela. Iurretarrek eta herri txikietakoek daukagula hori. Egia izango da agian.
A.O.: Baina harrotasuna harrokeria baino gehiago, e?
E.B.: Nik uste dut Iurretakoa bakarrik ez dela, herri txikietakoa da; Atxondon, Garain... ez dizute esango Durangokoak direnik, eta euren gauzei indarra emango diete. Gainera, horrelakoetan denok ezagutzen dugu elkar. Jende asko dago gauza askotan sartuta, eta pertsona bat bi lekutan badago bi taldeetakoak inplikatzen ditu. Horrela izaten da.