AHTa egiteko lanen aurrean Udalari "utzikeria" egoztea "bidegabekoa" eta "doakoa" deritzo Iñaki Totoriokaguena alkateak: "Udala gai horretatik urrundu dela esan duenak ezjakintasunean oinarrituta edota fede txarrez jardun du". Orozketako auzokideek \'delitu zantzuak\' salatzeko emandako prentsaurreari erantzun gura izan dio Iurretako alkateak.
Totorikaguenak nabarmendu duenez, Abiadura Handiko Trena egiteko lanek eragindakoak "minimizatzen" saiatu da Udala. Horretara, lanok eragin zitzazkeen eraginak ikusteko ikerketa egin zuen Udalak 2007an: "Ondorioz, kamioientzako ibilbide alternatiboa egin zen, Orozketan, kamioien igarotzea 1,5 kilometro murriztuz. Era berean, Etxun-Larrinagatxu errekara ura isuri edota ura jasotzeko puntuak berraztertzea proposatu zen, aurreikusi zitezkeen gainezkatzeak ekiditzeko,besteren artean".
Seinaleztapena eta errepideen garbiketa "hobetzeko" neurriak ere hartu direla dio Totorikaguenak: "Horrela, errepide publikoak erabiltzeagatik tasa bat exijitu genuen, gero kaltetuak izan zitezkeen errepide horiek konpontzeko lanetarako". Zehaztu duenez, neurri horren kontra errekurtsoa sartuta dute lan horietan diharduen enpresek.
Bestalde, AHTa egiteko lanek eragindako kalteak konpontzeko "neurri zuzentzaileak" kontsentsuatzen saiatu direla adierazi du Iurretako alkateak. "Batez ere, gauean dihardutenerako lanean. Izan ere, zaratengatik kexak izan ditugu". Azkenik, gogoratu du AHT egiteko lanak hasi zirenetik Udaltzaingoaren 15 esku hartze izan direla.
"Eskumenetatik kanpo"
Totorikak gogorarazi gura izan du "interes orokorreko udalaz gaindiko obra" dela AHTa, eta Udalaren "eskumenetatik kanpo" dagoela: "Ez dugu eskumenik hori kontrolatzeko, ikuskatzeko, zigortzeko edota geldiarazteko. UDalak ez du eman obra baimenik eta beraz ez du aipatutako neurriotariko bat ere hartzeko eskumenik".
Alkatearen berbetan, "zehaztutako protokoloa" jarraitzen du Udalak "irregulartasun" baten aurrean, eta dagokion erakundeari bideratzen diote salaketa. Totorikaguenak nabarmendu du baita Udala "beti egon dela, dagoela, eta egongo dela edonorentzat zabalik. Ez dakit zergaitik erabaki duten prentsaurrea ematea eta Udalera ez etorri izana zer egin daitekeen aztertzeko". Gaineratu duenez, "lau urteotako ibilbideak erakusten du ingurumena babesterako orduan beti nahiko zorrotzak izan garela; baita irregulartasun baten aurrera ere".