Enpresa eraikitzailearen eta ADIFen kontrako salaketa

Anboto 2010ko mai. 28a, 09:15

Abiadura Handiko Trenaren Durango eta Zornotza bitarteko zatian, Iurretako Orozketa auzoan trenaren ibilbidea egokitzeko eta bertan zabortegi bat ipintzeko obrak "Eusko Jaurlaritzaren beharrezko baimenik barik" egin zituztela salatu du herritar talde batek. Durangoko Epaitegietan aurkeztu dute AHTaren lanak burutzen diharduen ADIFen zuzendaritzaren eta enpresa eraikitzailearen kontrako salaketa, asteon. Obrak hasi zituzten lurretan zabortegi bat egon zenez lehenago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 11/2005 legean jasotako baldintzak bete behar zituzten lur-mugimenduak hasi orduko, eta lurrak mugitzeko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren baimen bereziak behar zituzten arren, "ADIFek kontratatutako enpresak inongo baimenik barik ekin zion lurrak mugitzeari". Denuntzia-egileen arabera, "metal pisutsuekin eta lixibagaz kutsatutako lokatzak zuzenean Kataño errekastora isuri zituzten", eta egindako lur-mugimenduen ondorioz, "mendi magal osoa behera etortzeko arriskua" dago. Asteon bidalitako oharrean, herritarren salaketagaz bategiten duela jakinarazi du Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!