Berrizko anbulatorioaren egoerari buruz eztabaidatzeko bilkura, bihar, Garain

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 16a, 12:42

Herriko Taldeak eta EAJk mozio bana defendatuko dute. Lehenengoak, duela aste batzuk Berrizko udalbatzak aho batez onartu zuen adierazpen bera eramango du eztabaidara. Jeltzaleek, aldiz, zerbitzua "eskastu" dela dioen, eta Garaiko osasun zerbitzua berreskuratzeko eskaera jasotzen duen testua aurkeztuko dute. Udalbatza 18:00etan batuko da.

Garaiko EAJk jakinarazi duenez, udalbatzak ezohiko osoko bilkura egingo du bihar. Udalerrian ordezkaritza politikoa duten alderdi biek Berrizko osasun zentroaren inguruko egoera aztertuko dute. Talde bakoitzak adierazpen bana eramango du bertara.

Herriko Taldeak, duela egun batzuk jakinarazi zuen eran, Berrizko udalbatzak maiatzaren amaieran aho batez onarturiko testua defendatuko du. Plataformako kideen iritziz, gaur egun Berrizko osasun etxeak eskaintzen duen arreta "jasanezina" da, mediku bakarragaz "ezinezkoa" delako 5.000 biztanleren osasun arreta era "egoki eta duinean" eskaintzea. Hain zuzen ere, gabezia hori jasotzen duen adierazpena eramango dute eztabaidara. Besteak beste, hutsik dauden mediku plazan "ahalik eta lasterren bete ditzala" eskatu gura diote Osakidetzari.

EAJk, aldiz, bere "kezka" agertuko du. Berrizko eta Garaiko herritarrei eskaintzen zaien arreta "nabarmen eskastu" dela adieraziko dute euren testuan. Berrizko anbulatorioan duela gutxira arte egondako profesional kopurua "albait arinen leheneratzea" eskatuko dute. Horrez gainera, udalerrian 2015era arte izandako osasun zerbitzua berreskuratzea ezinbestekoa dela ere jasoko dute. Azken puntu hau dela eta, honako hau adierazi du EAJk: "[Garaiko Herriko Taldearen] mozioak ez du inolako aipamenik egiten Garaiko herria 2015etik hona pairatzen ari den egoerari. Izan ere gogorarazi behar da udalerri hau dela Durangaldeko bakarra oinarrizko zerbitzurik ez daukana". 

Udalbatza 18:00etan batuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!