Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldeak eta Garaiko Triatloi Taldeak kirol hitzordu bi prestatu dituzte asteburu honetarako. Duatloi proba bana antolatu dute Zornotzan eta Garain. Lehenengoa zapatuan izango da, Larrea kiroldegiko inguruetatik hasita. Bigarrena, Garain, herriko plazatik abiatuta. Zornotzakoa erlojupeko proba izango da. 16:00etan hasiko da eta 4-6 kidez osaturiko 58 duatloilari taldek parte hartuko dute. Aurretik izango duten zirkuitua honako hau izango da: 5 kilometro egingo dituzte korrika, beste 20 bizikletan eta beste 2,5 korrika. Amorebieta-Etxanoko Triatloi taldeak lasterketa hau antolatzen duen laugarren aldia da, eta taldea "harro" dago aurten jasotako izen emate kopuruarekin. 60 talderentzako proba prestatu dute eta sabaia jo dute ia-ia 58 talderekin.
Bestalde, domekan Garain egingo den proba nagusia errelebokakoa izango da. Parte hartzaileek taldeka parte hartuko dute, mutilen kategorian, nesken kategorian eta kategoria mistoan. Guztira, zortzi talde egongo dira. Lehenengo kategoria bietan hiru kidez osaturiko taldeak lehiatuko dira. Kategoria mistoan, ostera, lauko taldeak. Lehiakide bakoitzak kilometro bi egin beharko ditu korrika lehenik, zortzi kilometro bizikletan gero, eta beste kilometro bat korrika azkenik. Bukaeran, erreleboa eman beharko die hurrengo taldekideari. Kategoria mistoko kideek 10:00etan ekingo diote lasterketari, 10:01ean mutilek, eta 10:02an neskek. Horrez gainera, Garaiko Triatloi taldeak kadeteentzako duatloia ere prestatu du. Proba 12:30ean izango da. 14-15 urteko neska-mutilek parte hartuko dute bertan.