Euskal Herriko ardi txakurren txapelketa Garain jokatuko da, zapatuan

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 12a, 09:36
Iaz Axpen jokatutako ardi txakurren txapelketa. (Argazkia: Lazaro Milikua).

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamahiru artzain lehiatuko dira, bakoitza bere txakurragaz. Txapelketak 50 urte beteko ditu aurten, eta ibilbidea hasi zuen leku berean, Garain bertan, ospatuko du urteurrena.

Garaik Euskal Herriko ardi txakurren txapelketa hartuko du irailaren 16an, zapatuan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik ailegaturiko ardi txakurrik onenak euren artzainen esanetara lehiatuko dira Aiartza auzoan. Ekitaldia debalde eskainiko dute. Arratsaldeko 17:00etan ekingo diote lanari.

Aurtengo edizio hau berezia izango da. Izan ere, Euskal Herriko ardi txakurren txapelketa 1973ko irailaren 16an jokatu zen lehenengoz, Garaiko Goierri auzoan. Egun hartan Zuhatzako (Aiara, Araba) Jesus Azpiazu artzaina eta Montes txakurra izan ziren garaile. Harrezkero, txapelketa 1981ean, 1988an, 1997an, 1999an eta 2021ean jokatu da Garain. Eta aurten, txapelketaren 50. urtemuga ospatzeko, ekitaldia bere sorlekura, Garaira, bueltatuko da. Esan esan bezala, baina, Goierri auzoan barik, Aiartzan jokatuko da. 

Honako hauek izango dira lehiatuko diren artzain eta txakurrak:

Araba

  • Fidel Alonso eta Lis txakurra (Areta, Laudio)
  • Fidel Alonso eta Bat txakurra (Areta, Laudio)
  • Jose Mari Jauregi eta Txipi txakurra (Ilarduia, Asparrena)

Bizkaia

  • Kepa Ardanza eta Urbi txakurra (Abadiño)
  • Marcos Ispizua eta Hiru txakurra (Urduña)
  • Enrike Mendiguren eta Laia txakurra (Orozko)

Gipuzkoa

  • Migel Arregi eta Lagun txakurra (Oñati)
  • Javier Zubiaurre eta Mendi txakurra (Mutriku)
  • Jose Mari Bengoa eta Zen txakurra (Oñati)

Nafarroa

  • Antonio Alustiza eta Txiki txakurra (Areso)
  • Jesus Razkin eta Mendi txakurra (Etxarri Aranatz)
  • Antonio Alustiza eta Bat txakurra (Areso)

Horiez gainera, iazko txapeldunak, Zallako Angel Varona eta Jai txakurra izango dira lehian.

Txapelketa Garaiko Udalak antolatu du, Gerediaga elkarteagaz, EHATE Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkarteagaz eta Urkiola Landa Garapenagaz batera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!