Kepa Ardanza abadiñarra, ardi txakurren Bizkaiko txapeldun 'Urbi' txakurragaz

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 5a, 09:58

Kepa Ardanza, txapela irabazi berri. (EHATE - Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkartea)

Zapatuan Bizkaiko ardi txakurren txapelketa jokatu zen Mungian. Hamahiru parte hartzaileetatik lau Durangaldekoak ziren. Abadiñarrak guztiak.

Kepa Ardanzak eskualdera ekarri du Bizkaiko ardi txakurren lehiari dagokion txapela, Abadiñora hain zuzen ere. Zapatuan Bizkaiko Artzain Txakur Txapelketaren 58. edizioa jokatu zen Mungiako Belako auzoan, eta artzain abadiñarrak txapela janztea lortu zuen 'Urbi' txakurragaz batera egindako lanari eskerrak.

Txapelketan 13 txakur lehiatu ziren artzainen esanetara. Horietatik lau eskualdeko ordezkariak ziren. Abadiñarrak guztiak. Kepa Ardanzak, Karlos Ardanzak, Jose Migel Etxebarriak eta Jose Angel Azkorbebeitiak lehenengo, bosgarren, hamargarren eta hamaikagarren egin zuten hurrenez hurren, Urbi, Mendi, Soli eta Lutxi txakurrekin.

Bestalde, txapelketan zehar omenaldi txiki bat egin zioten Orozkoko Enrike Mendiguren artzainari. Mendigurenek artzain txakurren txapelketetan egindako ibilbide oparoagatik jaso zuen esker ona. 

Mungian sailkaturiko lehenengo laurak Garain jokatzekoa den Euskal Herriko ardi txakurren txapelketan lehiatuko dira hilaren 16an.

Honako hau izan zen Bizkaiko sailkapena:

  1. URBI. Kepa Ardanza. (Abadiño).
  2. JAI. Angel Varona. (Zalla).
  3. HIRU. Markos Aspizua (Urduña)
  4. LAIA. Enrike Mendiguren. (Orozko).
  5. MENDI. Karlos Ardanza (Abadiño)
  6. BASERRI. Juan Jose Egurrola. (Etxebarri).
  7. AS. Jose Ramon Garcia. (Sodupe).
  8. ALAI. Jose Angel Gonzalez. (Zalla)
  9. TXISPA. Imanol Diaz (Zalla)
  10. SOLI. Jose Migel Etxebarria. (Abadiño).
  11. LUTXI. Jose Angel Azkorbebeitia (Abadiño).
  12. ZERU. Juan Carlos Alonso (Zalla).
  13. BAKUN. Jose Mari Fernandez. (Galdames)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!