Garaik Euskal Herriko ardi txakurren txapelketa hartuko du irailaren 18an

Ekaitz Herrera 2021ko ira. 13a, 09:00
2016an Axpen jokatutako Euskal Herriko ardi txakurren txapelketako une bat.

Euskal Herri osotik iritsitako hamar artzain-txakurrik onenak Garaiko landetan lehiatuko dira, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Ikusleek debalde sartu ahalko dute bertara.

Data, ordua eta lekua finkatuta daude. Orain, txapelketa jokatzea baino ez da falta. Euskal Herriko ardi txakurrik onenak Garain lehiatuko dira irailaren 18an. Herrialde bakoitzeko artzainik eta ardi txakurrik onenak bertaratuko dira, Herrialde bakoitzeko txapelketan txapeldun eta txapeldunorde izandakoak. Tartean, Durangaldeko ordezkari bat ere egongo da: Karlos Ardanza abadiñarra. Mendi txakurragaz jokatuko du.

Txapelketa arratsaldeko 17:30etan jokatuko da San Migel auzoan, herriko plazaren ondoan. Ikusleek debalde ikusi ahal izango dute lehia. Txapelketa antolatzeko ardura nagusia Garaiko Udalak badu ere, Mankomunitateak, Gerediaga Elkarteak, EHATE Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkarteak eta Urkiola Landa Garapenerako elkarteak lagundu dute. Txapelketa jokatzen den 54. aldia izango da honakoa. Azken urteotan Axpen jokatu izan da txapelketa baina lehia Garaira lekualdatu dute aurten. Aurrerantzean txandaka antolatuko da txapelketa, Garain eta Atxondon. 

Honako hauek izango dira lehiatuko diren 10 artzainak eta txakurrak.

Araba

  • Asier Bolibar artzaina eta Kobi txakurra (Olabezar, Aiara)
  • Fidel Alonso artzaina eta Bat txakurra (Areta, Laudio)

Bizkaia

  • Karlos Ardanza artzaina eta Mendi txakurra (Abadiño)
  • Enrike Mendiguren artzaina eta Laia txakurra (Orozko)

Gipuzkoa

  • Jabier Zubiaurre artzaina eta Mendi txakurra (Mutriku)
  • Aitor Tato artzaina eta Nabar txakurra (Ataun)

Nafarroa

  • Jorge Oteiza artzaina eta Lagun txakurra (Oronoz-Mugaire, Baztan)
  • Aritz Ganboa artzaina eta Txistu txakurra (Arruazu, Sakana)

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa

  • Michele Atxeritogarai artzaina eta Izar txakurra (Iholdi, Nafarroa Beherea)
  • Roger Jauretxe artzaina eta Ximist txakurra (Baigorri, Nafarroa Beherea)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!