Garaiko triatloia bertan behera geratzeko arriskuan dago

Anboto 2014ko mar. 6a, 11:53
Uztailaren 5ean egitekoa zen, baina egun berean txirrindularitza proba bat dago eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzatik egun horretan ezin dela antolatu esan diete. Aukeran eman dizkieten beste datak, aldiz, ez dituzte bideragarri ikusten. Ondorioz, triatloia “bertan behera geratzeko arriskuan” dagoela adierazi du Jon Sarasua Garaiko Triatloi Taldeko kideak.

 

Durangoko duatloia bertan behera utzi dutela jakinarazi du Mugarra triatloi taldeak asteon eta Garaiko triatloiagaz ere berdina gertatzeko arriskua dago. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza araudia zorrotz betearazten ari da aurten eta araudiko puntu batek dio probintzia berean (Bizkaian, kasu honetan) errepideko probak batek baino gehiagok ezin dutela bat egin egun eta ordu berean (goizean zein arratsaldean). Garaiko triatloiko ordezkariak Trafiko Zuzendaritzagaz hartuemanetan ipini dira eta jakinarazi diete uztailaren 5eko zapatuan ezin dutela urteroko triatloia antolatu, egun berean txirrindulari proba bat dagoelako.

Triatloia antolatzeko beste data batzuk proposatu dizkiete, baina horietako bat ere ez dute egoki ikusten. Esaterako, ekaineko domeka arratsaldeak proposatu dizkiete, baina triatloia proba luzea denez, beranduegi amaituko litzatekeela uste dute eta ekaineko domeka arratsaldeak baztertu egin dituzte. Beste aukera bat ekainaren 7ko zapatu goiza da, baina data horren inguruan beste triatloi proba batzuk ere badaude eta data hori ere ez dute bideragarri ikusten. Azken aukera bat abuztuaren 2ko zapatua da, baina herriko jaiak hor inguruan ospatzen dira (uztail amaieran) eta data horrek ere ez ditu konbentzitu. Ondorioz, Jon Sarasua triatloi taldeko kideak adierazi duenez, “Garaiko triatloia bertan behera geratzeko arriskuan dago”. Triatloia antolatzen saiatuko dira, ahaleginetan dabiltza, baina gaur ezin dute segurtatu egingo denik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!