MugarraTTk hartu du azken erabakia eta ez du duatloirik antolatuko

Anboto 2014ko mar. 14a, 14:02
Durangoko duatloiko une bat
Martxoaren 29ko data baztertuta, beste bat zuten mahai gainean: maiatzaren 31. MugarraTTko kideak atzo batzartu ziren azken erabakia hartzeko eta ez antolatzea erabaki dute.

 

Iaz Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartzailerik gehien izan zituen duatloia definitiboki bertan behera utzi du MugarraTTk. Martxoaren 29an zen egitekoa. Trafiko Zuzendaritzatik adierazi zieten egun horretan ezin zela egin. Duatloia antolatzeko alternatiba bakarra maiatzaren 31ra atzeratzea zen. Atzo triatloi taldekoek batzarra egin zuten data hori baliatu edo ez erabakitzeko eta azkenean aurten Durangoko duatloia ez antolatzea erabaki dute: “Nork bere ekitaldia salbatzeko eta data bat zehazteko denok korrika gabiltzala dirudien aulki joko horretan sartzeari uko egin diogu”.

 

Gogor kritikatu dute Euskadiko federazioaren jarrera: “Uste dugu horri guztiari buruz federazioak azalpenak eman beharko lituzkeela. Ez dugu ulertzen isilik jarraitzea e-mailak eta telefono deiak gori-gori daudenean data berrien bila. Ezin dugu hori onartu. Ez da ona gure kirolarentzako, ezta epe laburrera begira ere”.

 

Hainbat duatloi eta triatloi kolokan dauden sasoi honetan erantzuna behar duten hainbat galdera plazaratu dituzte: “Zer gertatuko da 2015ean? Zelan geratzen da 2014ko egutegia definitiboki? Zer gertatzen da urte askoan gozatu ditugun eta orain gure egoera berean dauden proba horiekin? Egia esanda ez dugu ezer ulertzen, eta federazioaren isiltasunak egoera hau oso deserosoa bihurtu du”.

 

Azkenik, egun hauetan sare sozialen bidez jaso duten babesa eskertu dute eta triatloi taldeko babesleei eta Durangoko Udalari ere esker ona adierazi die: “Egoera zail honetan, euren laguntza funtsezkoa da triatloi eskola mantentzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!