Udaletxe pareko plaza korrikalariz beteko da. Lasterketa bien artean 550 bat partaide batuko dira: 200 bat luzean eta 350 laburrean. Proba laburrerako plazak orain hilabete inguru agortu ziren, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Denek anoa gune berezi bat zain izango dute helmugara heltzen direnean, eta, ohiko elikagai eta edariez gainera, Eusko Labeleko hanburgesak jateko aukera ere izango dute. Aurten Elizako arkupean kokatuko dute anoa postu hori, aire zabaleko frontoian barik. Bertaratzen diren guztiek gozogintzari eta artisautzari loturiko hainbat postu aurkituko dute. Jai giroa speakerrek borobilduko dute. Aurten Laura Rodriguez eta Josu Murgoitio arituko dira lan horretan. "Aldapegora Koparen amaiera da, hileetako lehiaren azken helmuga. Horregaitik, korrikalarientzat eta bertaratzen diren guztientzat ospakizun bat izatea ere gura dugu", azaldu du proba antolatzen duen Erdella mendi taldeko Txaber San Pedrok.
Baina ospakizunaren aurretik gogotik lan egin beharko dute korrikalariek. Mari Koparako puntuagarria den 26 kilometroko lasterketa (1.700 metroko desnibel positiboa) 09:15ean hasiko da. Udalatx izango da ibilbideko tontor nagusia. Sugaar Koparako puntuagarria den 15 kilometroko proba laburra (900 metroko desnibel positiboa) 10:00etan hasiko da eta Intxorta (743 metro) izango du ibilbideko punturik garaiena.
Erlojupeko jaitsiera
Helmugaz gainera, lasterketek beste interesgune bat ere izango dute aurten. Izan ere, nobedade legez, ibilbideko tarte batean erlojupeko jaitsiera antolatu dute: Intxortatik Aldapera. Lau kilometroko tarte horretan 500 bat metro jaitsiko dituzte korrikalariek. Tartearen hasieran eta amaieran denborak hartuko dituzte eta arinen egiten dutenentzat saria egongo da.
Erlojupeko honek badu beste aurrekari bat. Orain urte bi ere erlojupeko bat egin zuten, baina orduan aldats gora izan zen, Udalatxerako azken tartea. Iaz ez zuten antolatu eta aurten berreskuratu egin dute.
320 umetik gora
Gaur, urriak 23, umeen lasterketak egingo dituzte. Izen ematea arrakastatsua izan da eta 320 bat umek eman dute izena. Egunean bertan ere izena emateko aukera dago. Lasterketa bi daude; 18:00etan 5 kilometrokoa hasiko da, 10etik 16 urtera artekoentzat. Plazatik eta Mendrakatik ibiliko dira. 18:10ean kilometro bateko lasterketa hasiko da, 6tik 10 urtera artekoentzat.
|
Mari eta Sugaar kopak pil-pilean azkenera arte
Biharko interesgune nagusietariko bat sari banaketa izango da, podiumera igotzen direnak 2026ko txapeldun ofizialak izango direlako. Lasterketa luzeen Mari Kopan Nora Narbaiza zaldibartarra dago lider emakumeetan. Zaldibartarra erregulartasunaren adibide da. Ez du lasterketarik irabazi, baina bigarren amaitu ditu Berrizko, Zaldibarko, Garaiko, Mañariko eta Zornotzako lasterketak. Lola Oiarzabal dago bigarren tokian. Uztailean lortu zituen punturik gehienak, Zaldu Trail eta Asto Trail probak bata bestearen atzetik irabazita. Joan zen asteburuan ere bera nagusitu zen, Zornotzan. Oraingoz, Nerea Amilibiak osatzen du podiuma. Gizonetako liderrak, Ander Jauregik, Garaiko Asto Trail irabazi eta beste postu esanguratsu batzuk lortu ditu. Josu Urrutia bigarren sailkatuak ez du probarik irabazi baina hiru bider igo da podiumera: Amaraune, Zaldu Trail eta Asto Trail probetan. Irazu Aranburu hirugarren sailkatuak indartsu hasi zuen Kopako lehenengo lasterketa biak irabazita (7 Pago eta Amaraune) eta Sorginen Lasterketan bigarren geratu zen. Lasterketa laburren Sugaar Kopan ere sailkapenak pil-pilean daude. Emakumeetan Zutoia Odriozola dago lider emakumeetan. Zornotzarrak Kopako lehenengo lau probetan batu zituen punturik gehienak. Garaipen bigaz hasi zuen Kopa (7 Pago eta Amaraune), eta ondoren bigarren sailkatu zen Zaldibarren eta Garain. Oihane Alonso bigarren sailkatuak Mañarian eta Zornotzan jo zuen goia, Mañaritik Atxetara eta Aramotz probak irabazita. Garain eta Berrizen podiumera igo zen. Gizonetan, Victor Bernedo elorriarrak sekulako maila erakutsi du orain arte eta bera izango da txapelduna. Lau proba irabazi ditu, euretariko hiru bata bestearen atzetik: Amaraune, Zaldu Trail, eta Asto Trail. Urri hasieran Sorginen Lasterketan nagusitu zen. Une honetan Aritz Gil dago bigarren, eta Julen Orbegozo durangarra hirugarren. |
|
Mari Kopa, emakumeak • Nora Narbaiza 396 puntu • Lola Oiarzabal 380 • Nerea Amilibia 298 Mari Kopa, gizonak • Ander Jauregi 352 • Josu Urrutia 326 • Irazu Aranburu 290 Sugaar Kopa, emakumeak • Zutoia Odriozola 398 • Oihane Alonso 396 • Irune Lertxundi 318 Sugaar Kopa, gizonak • Victor Bernedo 428 • Aritz Gil 316 • Julen Orbegozo 304 |
