Atzo udalbatzarra egin zuten Elorrion eta Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin sinatuko den hitzarmena onartu zuen. Hitzarmen horri esker, 54 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko proiektua gauzatzeko lehen urratsa emango da: 43 etxebizitza Goietan eta 11 Aldapebeitian eta Aldapebeitia Txikian, guztiak alokairu sozial eta eskuragarrira bideratuta.
Azken hilabeteetan etxebizitzaren arloan emandako aurrerapenen ondoren (Goietako alokairu sozialeko etxebizitzen amaiera eta Fytasa eraikina udalaren esku geratzea, besteak beste), udalak etxebizitzarako sarbidea hobetzeko "beste urrats garrantzitsu bat eman du", ohar batean adierazi duenez. "Proiektu hau ez da azken uneko erabakia, ia hiru urteko azterketa baizik, bilerak eta lanketa teknikoaren emaitza", zehaztu dute. Hitzarmenaren bidez, Udalak udal titulartasuneko lurzoruak eta eraikinak lagako dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta honek bere gain hartuko ditu beharrezko azterlanak, proiektuak eta obren exekuzioa.
Bi espazio hauek Udalarenak dira: alde batetik, Goietako orubea, hutsa une honetan eta aukerekin; eta bestetik, Aldapebeitia eta Aldapebeitia txikia eraikinak, aspalditik erabiltzen ez direnak, "zahartzen eta hondatzen ari direnak eta etorkizunik ez dutenak". Udalak zehaztu duenez " ez du ahalmen ekonomikorik eraikinen birgaikuntzari ekiteko, eta ez du gaitasunik ondoren tamaina horretako azpiegitura bat mantentzeko".
Maria Herrero Hirigintza zinegotziaren hitzetan, “gaur onartu dugun hitzarmenak hirigintza-proiektu bat baino askoz gehiago esan nahi du; Elorrion etxebizitza duin eta eskuragarria izateko dagoen beharrari erantzuteko hartu dugun konpromisoa da”. Era berean, azpimarratu du “udal ondarea pertsonen zerbitzura jartzea dela administrazio publiko baten zeregin nagusietako bat, eta zaila dela interes orokorrari hobeto erantzuten dion erabilerarik aurkitzea etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea baino”.
Hurrengo urratsa Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartzea izango da, eta ondoren, "aurreikuspenen arabera irailean", hitzarmena sinatuko dute Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburuak eta Elorrioko Alkateak. Une horretatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak jarraituko du proiektuaren izapidetzearekin.
EAJren iritzia
EAJk aldeko bozka eman zuen udalbatzarrean eta erabaki horren inguruko arrazoiak eman ditu ohar batean. Alderdi jeltzalearen ustez, "berri pozgarria da Elorriorentzat eta eskualde osoarentzat; izan ere, etxebizitza bat lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsona eta familiei etxea bermatzeko eta udalerriko alokairu babestuaren eskaintza indartzeko aukera emango du".
Edozelan ere atzo emandako urratsa "ez dela nahikoa" zehaztu du. "Urrats garrantzitsua da, baina ez du bere kabuz konpontzen Elorrion etxebizitza lortzeko dagoen arazoa". Ildo horretatik, "ezinbestekotzat" jo du gobernu taldeak "herrian etxebizitza eskaintza berria sortzea lehentasuntzat hartzea".
Era berean, EAJk "kezka" agertu du Elorrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapena prestatzeko prozesuan sortutako "atzerapenagatik"; izan ere, plan hori udalerriaren hazkundea antolatzeko eta etxebizitza sustapen berriak abiarazteko "funtsezko tresna" dela dio. "Egoera honek argi uzten du gobernu taldeak azken hamarkadan etxebizitza politikan izan duen ekimen eta plangintza falta", salatu du.