Goietako sei etxebizitza alokairu sozialerako egokituko dituzte

Anboto 2025ko eka. 4a, 13:08

Lanen kostua 580.000 euro ingurukoa da eta horietatik 351.000 Jaurlaritzak ordainduko ditu; lanek hamar bat hilabete irautea aurreikusten du Elorrioko Udalak. 

Goieta kaleko 38-40 zenbakietako lokalak alokairu sozialerako apartamentu bihurtzeko lanak hasi ditu Elorrioko Udalak. Hain zuzen ere, lokal horien jabetza udalarena da. Etxebizitza bakoitzaren azalera erabilgarria 45etik 56 metro koadrora bitartekoa da, eta guztiek egongela, jangela, sukaldea, bainugela, logela eta esekitokia izango dituzte. Etxebizitzetariko bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua izango da. Udalaren esanetan, gazteek bizi duten arazoa leuntzeko baliagarria izan daiteke proiektua. "Proiektu honegaz udal lokalak herritarren eskura ipintzen ditugu, alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoaren parte izatera pasatuta. Lehenengo neurri zehatza izango da gazteek pairatzen duten etxebizitzaren arazoa arintzeko; nahiko proiektu apala da, baina etxebizitza soziala sortzeko egiten den ekarpen guztiak dira garrantzitsuak", azaldu du Maria Herrero Hirigintza zinegotziak. Obraren kostua 580.499 eurokoa izango da eta horietariko 351.000 Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu. Lanak datorren urteko martxoan amaiatzea aurreikusten du udalak, eta alokairua Jaurlaritzaren Alokabideren bitartez kudeatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!