Elorrioko Udalak Fytasaren lursaila eta azpiegiturak erosi ditu

J.D. 2026ko ekainaren 22a

Fytasa enpresa egon zen eraikinaren gaur eguneko irudia (Argazkia: Elorrioko Udala)

Erosketa prozesua ekainean amaitu da, eta operazioaren prezioa 345.000 eurokoa izan da. Udalak "epe ertain-luzerako inbertsio estrategiko gisa" definitu du operazioa eta helburu "argi" bat duela dio: "Herriaren erdigunean aukera berriak sortzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko bidea irekitzea".

Elorrioko Udalak Fytasaren lursaila eta instalazioak erosi ditu. Operazio horren bidez, Udalak bere egin du urte luzez abandonatuta eta degradazio egoeran egon den eremu bat. "Aukera berri bat ireki da herriaren erdigunean kokatutako espazio hori berreskuratzeko, birgaitzeko eta etorkizuneko beharrei erantzuteko", adierazi du ohar batean.

Fytasa fundizio nodularrak 96 urteko ibilbidea izan zuen, eta 2011n itxi zituen ateak behin betiko. Ordutik, instalazioak erabilerarik gabe egon dira. Plan Orokorraren berrikuspenaren testuinguruan, udal gobernuak "argi izan du hasieratik eremu horrek ezin duela industria-erabilerari lotuta jarraitu". Udalak zehaztu duenez, "herriaren erdigunean dagoen kokapenak eta dituen metro koadroek aukera ematen dute etxebizitzarekin, ekipamenduekin eta herritarren behar berriekin lotutako etorkizuneko erabilerak aztertzeko". Hausnarketa hori berretsi zuten, gainera, HAPOren berrikuspeneko parte-hartze prozesuan parte hartu zuten herritarrek.

Erosketa prozesua ekainean amaitu da, eta operazioaren prezioa 345.000 eurokoa izan da. Azken urtea udalarentzat "kudeaketa handikoa" izan dela nabarmendu dute eta erosketa prozesua "konplexua" izan dela, besteak beste, "jabetza egoera bera zaila zelako". "Alde batetik, inbertsio funts bat zegoen, eta, bestetik, konkurtso-administratzaile bat, Fytasaren zati bat oraindik hartzekodunen konkurtsoan baitzegoen. Horrez gain, hainbat azterketa egin dira operazioaren egokitasuna bermatzeko: lursailaren egoera, kutsaduraren irismena, jarduketaren bideragarritasun ekonomikoa eta Udalak erosketa gauzatzeko duen ahalmena. Prozesu osoan zehar beharrezko diskrezioz jokatu da, espekulazio aukerak saihesteko".

Hurrengo urratsak

Udala "hurrengo urratsak lantzen" dabilela adierazi du. Ingurumen Sailarekin harremanetan egon da Eusko Jaurlaritzan, eta kutsadura kentzeko prozedura abiaraziko duen enpresa kontratatu du. Oharrean zehazten dutenez, lehenik eta behin, bulegoen eraikina "ahalik eta azkarren" eraisteko asmoa dago, premiazko prozedura baten bidez; izan ere, gaur egun pertsonak "modu irregularrean sartzen dira eraikinera, eta egoera arriskutsua da". Ondoren, gainerako pabiloiak eraitsi eta deskontaminatzeko lanak egingo dira. Horren harira, Julene Lazkano, Elorrioko alkateak, adierazi duenez, “lehen urratsak martxan daude: lurzorua deskontaminatzeko prozedura hasiko da, eta bulego-eraikina premiaz eraitsiko da”.

Aldi berean, Udalak eremuaren hirigintza-kalifikazioa aldatzeko prozesua abiatuko du, gaur egungo industria-erabileratik bizitegi-erabilerara igarotzeko. Hori guztia epe ertain/luzeko proiektu baten barruan kokatzen da, helburu argi batekin: "Degradatutako eta kutsatutako espazio bat berreskuratzea, herriaren erdigunean aukera berriak sortzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko bidea irekitzea". Maria Herrero zinegotziaren berbetan, “Urteetako degradazioaren ondoren, Udalak lursaiak eta instalazioak eskuratu ditu aukera handi gisa; epe ertain/luzerako inbertsio estrategikoa da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!