25 urteko ibilbidearen ostean, Pulla-Azkarreta garatzeko plana onartu dute Elorrion

A.M./J.D. 2026ko ekainaren 25a

Azken urteetan, hirigintza alorrean zeresan gehien eman duen proiektuetako bat behin betiko onartu zuten atzo Elorrion, Elorrioko Pulla-Azkarreta sektoreko Plan Partziala, hain zuzen ere. Prozesuak gorabehera asko izan ditu urte hauetan, tartean,  errekurtsoak, epai judizialak, eta herritarren batzuen desadostasuna. EH Bilduren iritziz, "jarrera koherentea" mantendu du gobernu taldeak, eta eztabaida tekniko eta juridikoetatik harago, "herri ereduari buruzko ikuspegia dago erabaki honen atzean". EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen proposamena. Elorrioko Podemos-Ahal Duguk kontra bozkatu zuen. 

"Helburua Elorrion bizi, lan egin eta herriaz gozatzeko aukera edukitzea da, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat. Horretarako ezinbestekoa da herriaren izaera industrialari eta langile-herri izaerari eustea. Lehen eta hirugarren sektoreak babestu eta sustatzea beharrezkoa dela uste dugu, eta industriaren etorkizuna bermatzea ere funtsezkotzat jotzen dugu. Testuinguru horretan kokatzen dugu Pulla-Azkarreta sektorearen garapena. Proiektua aukera estrategikoa da Elorriorentzat, jarduera ekonomikoa sustatzeko, enpresa berriak erakartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko aukera emango duelako, eskualdearen lehiakortasuna indartuz", azaldu dute. EAJk ere antzerako argudioak erabili ditu baiezko botoak arrazoitzeko. "Elorrion etorkizun ekonomikoari buruzko ikuspegi partekatu bati erantzuten dio plangintza honek. Uste dugu Pulla-Azkarreta garatzea positiboa dela gure udalerriarentzat, enplegurako aukera berriak sortzen dituelako eta herritarren ongizatea indartzen laguntzen duelako". Udalak zehaztu du, eremu guztia ez dela erabilera industrialera bideratuko. "Azalera esanguratsu bat erabilera publikoei, azpiegiturei, berdeguneei eta ekipamenduei eskaintzen zaie, lurraldearen oreka eta ingurumen-integrazioa bermatzeko helburuarekin", gehitu dute udaletik. Jardun horren adibide gisa, Fytasa eremuaren erosketa nabarmendu dute, baita ere. 

Hogeita bost urteko ibilbidea

Gaur egun indarrean dagoen HAPOa 2011n onartu zuten, eta bertan Pulla-Azkarreta auzoko s7.1 sektorea "berrikuntza industrialdea1-2" kalifikazioarekin mugatu zuten. Dokumentuak sektorea plan partzial baten bidez garatzea aurreikusten zuen. Plan Orokorraren aurka aurkeztutako errekurtsoak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira eta ondoren Auzitegi Gorenera iritsi ziren. Bi auzitegiek udalaren jarduna berretsi zuten, eta ondorioztatu zuten Pulla-Azkarretaren lurzoru industriala aurreikustea bat zetorrela indarrean dagoen lurralde-antolamenduarekin, udalaren arabera. Hamarkada bat beranduago, iazko martxoan SPRI-LUR erakundeak Plan Partzialaren dokumentazioa aurkeztu zuen, eta udalak administrazio-prozedurari berrekin zion. Udalaren datuen arabera, planak 105.630 metro koadroko azalera hartzen du, eta horietatik ia erdia, 43.645,5 metro koadro, industria jardueretarako erabiliko dira. Planak Paisaia Integratzeko Proiektua ere jasotzen du. 

640 alegaziotik gora

Elorrioko Udalaren arabera, Plan Partzialak 647 alegazio jaso zituen interesdunen eta eragindako erakundeen aldetik, horietako 339 Elorrion erroldatutako edo Elorrion kokaturiko pertsona eta erakundeek aurkeztu dituzte. Gainerakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiar Estatuko beste hainbat lekutatik jaso dira. Alegazioen artean, bakarra "partzialki" onartu dela azaldu du udalak. "Onarpen partzial horrek ez du Plan Partzialaren azken dokumentuan aldaketarik eragiten, ez baitio eragiten antolamendu xehatuari eta ez baitu hasierako onespenean onartutako plangintza-tresnaren funtsezko edukia aldatzen". Behin betiko onespenaren edukia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, sustatzaileak Birpartzelazio Proiektua, Urbanizazio Proiektua eta Egikaritze Proiektua aurkeztu beharko ditu. "Horrenbestez, sektorearen garapenak oraindik hainbat administrazio eta exekuzio fase izango ditu aurretik".

Elorrioko Podemos-Ahal Dugu, kontra

Elorrioko Podemos-Ahal Duguk kontrako bozkatu zuen. "Erabakiak ez die herritarrek adierazitako lehentasunei erantzuten", salatu dute ohar batean. Alderdiaren ustez, lur emankorrak eta ekoizteko gaitasuna duten lurrak okupatzea "jasangarritasunaren, lurraldearen babesaren eta elikadura-erresilientziaren printzipioen aurkakoa da, eta printzipio horiek izan beharko lukete hirigintza-plangintzaren oinarria". "Horrelako lurrak babestea lehentasuna izan behar da, bereziki larrialdi klimatikoaren testuinguruan eta udalerriko baliabide naturalak zaintzeko beharra dagoenean", adierazi du Joseba Andoni Fernandez zinegotziak. 

Era berean, Podemos-Ahal Duguren ustez, proiektu hau hirigintza-antolamendu orokorraren berrikuspena amaitu aurretik onartzeak "asko baldintzatu dezake" etorkizuneko HAPOn. "Nahi dugun herri-ereduaren inguruko eztabaida itxi aurretik ari gara erabaki estrategiko bat hartzen. Horrek Elorrioko hirigintza-etorkizuna baldintzatzen du, eta herritarrek erabakitzeko duten benetako gaitasuna mugatzen du", gaineratu du Fernandezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!