"Erabaki honek 105.000 metro koadro inguruko makropoligono industrial baten garapena ahalbidetzen du, balio handiko nekazal lurzoruak okupatuz eta udalerriaren lurralde-ereduan eragin sakona izango duen eraldaketa sustatuz", azaldu du koordinakundeak ohar baten bidez. Horrez gainera, "2019tik martxan behar lukeen" Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena "geldi" dagoela salatu dute. "Udalerrian 20 hektarea daude, gutxienez, berreskuratu, berrerabili edo garatzeko modukoak, baina udalak lehentasuna eman dio nekazal lur berrien okupazioari. Bereziki deigarra da, gainera, etxebizitza-sektoreak urteetan garatu gabe mantentzea, adibidez, Montorran, Montorrosten eta Goietan. Herritar askok etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten bitartean, aurreikusita dauden sektore horiek garatu gabe daude".
Bestalde, udalak azken urteotan egin diren parte-hartze eta hausnarketa prozesuetan aterako ondorioak baztertu dituela ere salatu dute. "Udalaren lehentasuna lehendik aurreikusitako sektore horiek garatzea izan beharko litzateke, degradatutako edo gutxi erabilitako eremuak berreskuratzea eta dagoen lurzorua ahalik eta modu eraginkorrenean aprobetxatzea, balio agrologiko handiko lur berriak artifizializatu aurretik", amaitu dute. Udalak alegazioei emandako erantzunen edukia aztertu ostean, koordinakundeak ekintza judizialak abiarazteko aukera aztertuko du, "administrazioarekiko auzi-errekurtsoa barne".