2023ko Euskal Kopako irabazlea ospakizun berri baten atarian dago. Elorrio Futbol Taldea Euskal Ligatik Hirugarren RFEF Mailara igoko da, inoiz egon den kategoriarik gorenera. Asteburuan etxean jokatuko duten partidua irabazita edo gutxienez Basauriko Kimuak taldeak lortutako emaitza berdinduta, birtualki igota egongo da. Hau da, matematikak hain alde izango ditu, ospatu egingo dutela.
Testuinguru orokorra honako hau da. Hirugarren RFEF Maila berregituratu egingo dute. Orain sei multzo daude eta gehiago sortuko dituzte, taldeak erkidegoka batuz. Horrela, klubentzako kostuak murriztu egingo dira. Une honetan, Hirugarren RFEF-ean zortzi euskal talde daude eta datorren denboraldiko berria hamabikoa izango da. Beraz, Euskal Ligatik lau talde igoko dira gutxienez; eta seguruenik talde gehiagorentzako tokia ere egongo da, Hirugarren RFEF-eko euskal taldeen igoerengatik.
Testuinguru horretan, Elorrio hirugarren tokian kokatuta dago. Kasurik txarrenean jarrita, seigarren taldean jarri dute arreta, Basauriko Kimuak taldean. Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, talde bien artean hamabi puntuko aldea dago; bien arteko averagea berdinduta dago eta average orokorra (aldeko eta kontrako golen aldea) elorriarren aldekoa da: +13.
Horiek horrela, Elorriok esku-eskura du igoera. Domekan, 17:45ean, Erandioko Betiko Neskak taldearen kontra jokatuko du etxean, Eleizalde futbol zelaian, eta jokalariek prest dute ospakizuna. Partidua irabazita ospatu egingo dute eta baita Basauriko Kimuak-ek zapatuan lortutako emaitza berdinduta ere. Bestela, itxaron egingo dute ospatzeko.
Gontzal Arana entrenatzaileak taldearen lana goraipatu du. "Gure mailako asko filialak dira eta profesionaltasun puntu hori dute. Futbola da lehentasuna. Elorrion jokalariek bestelako lanak eta konpromisoak dituzte. Hala ere, bikain errenditzen dute beti. Hor dago jokalarien meriturik handiena", dio.
Bigarren taldea ere igotzeko puntuan
Elorrioko emakumeen bigarren taldea ere mailaz igotzeko puntuan dago. Kasu honetan, Lehenengo Erregionalera igotzeko litzateke, Bizkaiko kategoriarik altuenera. Denboraldi osoan ez du partidurik galdu. Orain, igoera fasean, jokatutako zortzi partiduak irabazi ditu. Sei partiduren faltan, esku-eskura du lorpena.