Futboleko lehenengo urteak Kurutziaga Ikastolan eta Ezkurdi klubean eman zituen. Kadeteetako lehenengo urtean Athleticera batu zen. Han hiru urte egin eta gero, Elorriora etorri zen, utzita. Elorrion bila zebilena aurkitu zuen eta uko egin zion Athleticera bueltatzeko aukerari. Gurago izan zuen zoriontsu sentitzen zen tokian geratu.
Taldeak sekulako denboraldia darama. Zure ustez, zeintzuk dira errendimendu onaren gakoak?
Taldeko giro ona da gakoetariko bat. Beste taldeetan ez dut sentitu Elorrion sentitzen dudana. Lagun talde bat gara: arratsaldeetako planak, partidu ostekoak, jaietakoak… Konfiantzazko giroa da, etxekoa. Giro gustagarria izateak eta taldekideengandik babestua sentitzeak sekulako eragina du jokoan eta norbere konfiantzan. Futbolean jokatuz gozatu egiten dugu. Beste faktore bat motibazioa da eta taldearen martxa onak lagundu egiten du. Denborari dagokionez, gertuko helburuak ipintzen ditugu: hurrengo partidua edo hurrengo biak. Horrek partidu bakoitza motibazioz hartzen laguntzen digu. Partidu denak dira inportanteak.
Taldean badago jokalari beteranoen eta apurka erreleboa hartuko duten gazteen arteko adin arrakala bat. Zelan kudeatzen duzue hori?
Kanpotik begiratuta, nahasketa kuriosoa da, bai; bitxia da 30 urtekoak edo gehiagokoak 17-18 urtekoekin kalean batera ikustea. Baina barrutik adinak ez du muga bat markatzen, ez du giroa baldintzatzen. Edozeri buruz berba egin dezakegu. Nire lagunik gertuenetariko batzuk taldeko beteranoak dira.
Elorrio Euskal Ligan golik gutxien jaso duen taldea da: 10 gol 17 partidutan. Atezain lez, datu horrek zer esan gura du zuretzat?
Ez diot begiratzen marka pertsonalari. Ez dut jokatzen nire zenbakiak buruan ditudala. Datu hori talde osoaren meritua da, nire balentria bat baino gehiago. Jokalari guztiek, aurrelariengandik hasita, lan ikaragarria egiten dute. Kasik neuk dut meriturik gutxien, taldekideek gauzak oso erraz ipintzen dizkidatelako.
Elorrion badakizu zer den txapelketak irabaztea. 2023an Euskal Kopa irabazi zenuten. Zelan gogoratzen duzu Eibarren kontrako final hura?
Pozez gogoratzen dut, bai taldeagaitik eta baita arlo pertsonalean ere, taldean guztiz enkajatu nuen urtea izan zelako. Denboraldia amaitzeko modu polita izan zen. Urte hura gogoratzen dudan bakoitzean irribarre bat ateratzen zait.
Finala penaltietan erabaki zen eta zure geldiketak garrantzitsuak izan ziren. Orduan, urte eta erdi gazteagoa zinen. Urduri egon zinen?
Bai, baina Elorrion nagoenetik beste modu batera bizi dut urduritasuna. Beste taldeetan presioa gauza negatibo lez bizi nuen; Elorrion, ostera, presioagaz eta urduritasunagaz gozatzen ikasi dut. Zelaian gertatzen dena gertatzen dela, badakit berdin-berdin izango naizela maitatua taldean, eta horrek asko laguntzen du. Beraz, penaltietan urduri egon arren, ez dut sufritu nuen gomutarik.
'Beste taldeetan' diozunean, Athletici buruz zabiltzala esango nuke. Zenbat urte eman zenituen han?
Kadeteetako lehenengo urtean joan nintzen eta hiru urte eman nituen han. Gero, Elorriora etorri nintzen, Athleticek utzita. Athleticera bueltatzeko aukera izan nezakeen, baina ezetz esan nien, Elorrion gusturago nengoela eta hemen geratuko nintzela.
Zeintzuk dira Elorrion geratzeko arrazoiak?
Faktore nagusia giroa da, Elorrion ditudan hartu-eman pertsonalen kalitatea. Nire kasuan, Elorrion etxetik, lagunengandik edo Durangon bizi dudanetik gertukoago sentitzen dudan giroa aurkitu nuen. Gero, Athleticen moduko taldeetan sentitzen den presioak zeresan handia du aldagelako giroan. Normala den moduan, adin horietan ikusitako jarrerak eta gerora Elorrion ikusi ditudanak, heldutasun eta esperientzia handiagoko jokalariekin, desberdinak dira. Beste ikuspegi bat da, futbola bizitzeko beste modu bat, niretzat positiboagoa. Hizkuntza da beste arrazoi bat. Atezainen entrenamenduetan euskaraz egiten genuen, baina entrenamendu orokorretan eta aldageletan dena gaztelania zen. Ni Athleticen sartu nintzenean ez nekien gaztelaniaz. Horrek apur bat isolatuta uzten zaitu. Gerora ikasi nuen eta komunikatu nintekeen, baina taldekideekin hartu-emanak ez ziren gehiegi estutu. Ez zen betirako lagunak egitearen sentsazioa, gaur egun Elorrion gertatzen zaidan moduan.
Atezain lez zeintzuk dira zure dohain nagusiak eta hobetu beharra?
Hobetu beharrekoetan, nire area kanpoko jokoa, aurkariak erasoan dabiltzanean; hau da, atzelarien bizkarrera egindako paseak moztera noiz irten eta noiz ez hobeto erabakitzen. Ez da ausardia kontua, momentua ondo aukeratzea edo erabaki zuzena hartzea baino. Nire dohainen artean, ate azpiko lana esango nuke, beharbada.
Asteburuan Real Sociedad C liderraren kontra jokatuko duzue Zubietan. Lehenengo sailkatu biak aurrez aurre eta sei puntuko aldea bien artean. Zer itxaropenagaz zoazte?
Oso motibatuta gaude. Egia esanda, horrelako partiduak asko gustatzen zaizkit. Hain talde garrantzitsuari irabazteko aukerak, gainera sailkapenean gertu daudenean, grina berezi bat pizten du taldean.