"Mendeurreneko ospakizuna ondo irteten dabil eta estres guztiak merezi izan duela sentitzen dugu"

Joseba Derteano 2024ko eka. 28a, 09:30

Manuel Garcia Gil (Berriz, 1970) eta Rakel Marquinez Garate (Abadiño, 1978) Elorrio futbol klubeko presidentea eta presidenteordea dira, hurrenez hurren. Ilusioagaz eta antolakuntzako estresagaz daramate taldearen mendeurreneko ospakizuna.

Biek iaz hartu zituzten euren karguak, eta lehenengo denboraldian erantzukizun handiko zeregina egokitu zaie: mendeurren batek merezi duen moduko ospakizuna antolatzea. Urte "gogorra" izaten ari dela onartu dute, baina pozik daude, orain arte antolatu dituzten ekimenak ondo irten direlako. 

A zer denboraldia egokitu zaizuen Elorrioko presidente eta presidenteorde karguetan estreinatzeko. Emozioa ala estresa nagusitzen da?

Rakel Marquinez: Estresa! Zuzendaritzan sartu eta mendeurrenari aurre egin beharra oso gogorra izaten ari da. Izan ere, bertigo apur bat ematen du, ez delako edozein urtemuga. 100. urteurrena da eta data borobil horrek merezi duen moduko zeozer antolatu gura genuen.

Manu Garcia: Guztiz ados nago. Denboraldi gogorra izaten ari da denontzat, eta estresa nagusitzen dabil. Aldaketa asko egon da, eta, gainera, mendeurreneko ospakizuna… Ez da guk aukeratu dugun zeozer. Zuzendaritzan inork ere egon gura ez duenez, zozketa egiten da kideak aukeratzeko, eta oraingoan guri egokitu zaigu. Urte biko legegintzaldiak dira. Mendeurreneko antolaketa lantalde bati eskerrak daramagu aurrera. Zuzendaritzan, zorionez, jende asko dago hainbat arlori buruz asko dakiena. Guztira, 14-15 gara. Denok oso inplikatuta gaude eta talde batua osatzen dugu. Eta eskerrak horri, bestela zoramena litzateke. 

Zelan irten da oraingoz antolatu duzuena?

M.G.: Ospakizuna ondo irteten ari da, eta eskerrak! Estres guztiak merezi izan duela sentitzen dugu. Esperientzia positiboa izaten ari da. Orain aste batzuk, gizon beteranoen triangeluarra bikain joan zen. Gero, talde guztiek eta zuzendaritzakoek elkarregaz bazkaldu genuen soziedadean. Eta emakume beteranoen lagunartekoari eta jaiari buruz ere beste horrenbeste esan dezakegu. Kasu horretan, denak batu ziren bazkaritara, gizon eta emakumeak. Egun politak izan dira. 

M.G.: Azken batean, eurak dira protagonistak. Jende askok urte askoan egindako ekarpenari eskerrak bete ditu Elorrioko taldeak 100 urte. Jende hori pozik eta eroso sentitu dadin gura izan dugu, egun atseginak izatea eurentzat. Horixe izan da helburua. 

Baina ospakizuna ez da amaitu oraindino.

M.G.: Ez, hainbat ekintza falta da; jaietako pregoia, besteak beste. Jaietan Gernika futbol taldea ekarri gura genuen, Elorrioren lehenengo partidu ofiziala euren kontrakoa izan zelako. Baina ezin dute data horretan. Partidu hori antolatu gura dugu, baina oraingoz ez dakigu noiz izango den. Omenaldiekin ere jarraituko dugu.

Elorrioko Numismatika eta Filatelika Elkarteak mendeurrenari eskaini dio bere urteroko erakusketa. Klubetik kanpoko elkarteak ere bat egiten ari dira ospakizunagaz.

R.M.: Bai, eta asko pozten gaitu, ospakizuna herrira zabaltzea izan delako beti gure helburua. Erakusketaren harira, askotan egon naiz eurekin, eta sekulako lana egin dute. Estatu osoko jendeagaz egon dira hartu-emanean, zigiluak eta bestelako materiala lortzeko. Egia esanda, asko ikasi dut eurekin eta esperientzia polita izan da. 

Kirol arloari dagokionez, zelan baloratuko zenukete emakumeen talde nagusiaren denboraldia?

M.G.: Emakumeen denboraldia ona izan da. Beste behin ere goian ibili dira eta ez edozein ligatan, Euskal Ligan baino. Elorrio hain maila handiko liga batean ordezkatuta egotea sekulakoa da. 

R.M: Eta bigarren taldeak igoera fasea jokatu du. Azkenean ez dute igotzerik lortu, baina borrokan egon dira eta horixe da inportanteena.

Gizonek, ostera, asko sufritu dute Lehentasunezko Mailari eusteko. Izan duzue mendeurrenean jaitsiko ziren kezkarik?

R.M.: Beldur horixe nuen nik. 

M.G.: Kezka handia izan dugu. Sailkapenaren erdi inguruan ibiltzea espero genuen, baina hasieratik gauzak oker irten ziren. Gu ekainean sartu ginen zuzendaritzara eta asko zegoen egiteko. Irailean ez zegoen entrenatzailerik, jokalariak ere hamahiru bakarrik… Apur bat kaotikoa izan zen sasoi hura.

R.M.: Beteranoen triangeluarra izan zen egun berean lortu zuten gizonek mailari eustea. Egun hartan bertan jokatu zuten partidua. Imajinatu zelako eguna! Zuzendaritzako kideok banatu egin ginen. Batzuk mendeurreneko ekimenetan egon ziren eta besteak partidura joan ziren. Zorionez, dena ondo irten zen eta jaiaz gozatu ahal izan genuen. 

Zelan dago harrobia?

R.M.: Guztira, 21 talde eta 300 bat neska-mutiko ditugu. Asko dira eta pozik gaude. Ulertu behar da jokalari bakoitzak bere beharrak eta ilusioak dituela, eta hori dena denen gustura kudeatzea lan nekeza eta konplikatua da, jakina. Taldeak egiterakoan eta abar. Ahalik eta ondoen eta orekatuen egiten ahalegintzen gara.

Zelan dago kluba ekonomikoki?

M.G.: Justu samar. Elorrio lako taldeek gurasoek ordaintzen dituzten kuotei eskerrak irauten dute bizirik. Enpresen laguntza ez da berdina pandemiaz geroztik. 

R.M.: Han eta hemen atea jotzen ibili behar izaten dugu, laguntza bila.

M.G.: Dena ezin delako izan kuotak igotzea. Durangaldean, kuotarik baxuenetarikoa duen kluba izan daiteke Elorrio, baxuena ez bada. Lehenago edo geroago, kuotak igo egin beharko direla uste dut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!