[ARGAZKI GALERIA]: 100 urteko historia lau datatan

Joseba Derteano 2024ko eka. 28a, 09:10

Argazkiak eta informazioa 'CD Elorrioren 75 urteko historia' liburutik

1) 1924, lehenengo talde federatua eta ehun urteko historiaren hasiera.

1920. urtearen aurretik bazegoen partiduak jokatzen zituen lagun kuadrilla bat Elorrion. Inguruko herrietako taldeen aurka jokatzen zuen. Kirol elkartea 1923an sortu zen, Elorrio F.B.C. (Foot-Ball Club)  izenagaz. 1924/1925 denboraldian, federatu eta Bizkaiko C seriean lehiatzen hasi zen. Lehenengo urtean hirugarren amaitu zuen, Gernika eta Durangoren atzetik. 1931-1932 denboraldian desagertu egin zen, jokalari faltagaitik, antza, eta ez diru faltagaitik.

2) 1947, taldea berreskuratu zuten urtea; harrezkero, ez du beste etenik izan.

Hamabost denboraldiko etenaldiaren ondoren,  Elorrio taldea berriro federatu zen —Elorrio F.C. izenagaz— eta harrezkero ez du etenik izan. Liga hasita zegoenez, ezin izan zuen parte hartu. Horren ordez, txapelketak jokatu zituzten; Hierro txapelketa, esaterako. Sasoi hartan, taldekideen batzarrak Bernardino tabernaren atzealdean egiten zituzten, gaur egun Parra izena duen tabernan. Esan daiteke taldearen egoitza zela, Pablo Igarza 'Teherán' jokalariarena, hain zuzen ere. 

3) 1954, Eleizalde futbol zelaiko tribuna inauguratu zuten, azpiegitura berriekin

Eleizalde futbol zelaia 1947an inauguratu zuten, talde berreskuratu berriagaz batera. Zelaiak metalezko etxola bat baino ez zuen, eta aldageletan dutxa bakarra zegoen. Ondorioz, jokalariak errekan bainatzen ziren. 1954ko irailaren 8a klubaren historiako beste data garrantzitsu bat da. Elorrioko jaien barruan, tribuna berria eta haren instalazioak inauguratu zituzten. Udal Bandak eta Los Luisen dantza taldeak girotu zuten ekitaldia, eta Athleticek eta Elorrioko eta Durangoko Kulturaleko selekzioak lagunartekoa jokatu zuten. 

4) 1991/1992, emakumeen taldearen hasierak; klubaren talde izarra, gaur.

1969an emakumeen partiduren bat jokatu zen Elorrion, baina ez zuen jarraipenik izan. Beraz, ofizialki 1991/1992 denboraldikoa da emakumeen lehenengo taldea. Orduan, Lourdesko Ama ikastetxeko kantxan entrenatzen ziren. Federatzea erabaki eta klubera joan ziren ideia horregaz. Hurrengo urtean jokatu zuten lehenengoz ligan Elorriogaz, 1992/1993 denboraldian. Harrezkero, klubeko talde izarra bihurtu da. Euskal Ligan onenen artean dabil urtero, eta iaz Euskal Kopa irabazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!