Omenaldiak, jaiak eta ereserki berria izan dituzte orain arte; aurrera begira, jaietako txupinazoa eta liburua falta dira

Joseba Derteano 2024ko eka. 28a, 09:30

Martxoan Arriola Antzokiko galan mendeurrena ospatzeko aurkezturiko egitaraua aurreikusi zen moduan doa; oraindino ekintza dezente geratzen da aurretik.

Ehun urte betetzea ez da edozelako lorpena. Mendeurrenak ospakizun bereziak dira. Klubeko arduradunek egoerak eskatzen duen mailan egon gura zuten eta anbizio horregaz aurkeztu zuten lantaldean prestaturiko egitaraua martxoan, Arriola Antzokian. Egitarau mardula zen, ekintza askokoa eta data konkretuekin. Erronka handia zuten aurretik, baina, oraingoz, aurreikusitako moduan doa ospakizuna, aurreratutako moduan.

Neurri batean, Arriolako galagaz ekin zioten egitarauari. Hainbat belaunalditako jokalariak eta jokalari ohiak igo ziren eszenatokira, klubaren historia errepasatzeko. Pedro Erizek, Igor Basterretxeak, Marijo Martinek eta Rakel Zamalloak sasoi bateko kontuak gogoratu zituzten, eta Itsasne Larruskainek gaur egungoak.

Harrezkero, partidu ofizialen aurretik, kluba handi egiten lagundu duten pertsonak omendu dituzte: Eriz, Zenitagoia, Duñabeitia… Gizon eta emakume beteranoen lagunartekoak izan dira ospakizuneko beste osagai bat. Emakumeena joan zen asteburuan egin zuten, eta ondoren herrigunera zabaldu zuten jaia, herri bazkariagaz eta musikagaz. Egun horretan estreinatu zuten klubeko ereserki berria ere. Herriko hainbat musika talde elkarlanean aritu da musika eta letra berria sortzeko.  

Futbol denboraldia amaitu da, baina ospakizuna ez. Partiduak hasi aurreko omenaldiek urtea amaitu arte iraungo dute. Eta Ferixa Nausikoak Elorrioko kideek irakurritako pregoiagaz hasiko dira. Jaietan torneoak ere antolatu gura dituzte. 

Urtea amaitu orduko, klubaren azken 25 urteetako ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute, Igor Basterretxea eta Imanol Tabera historialariek egindakoa. 75. urteurrenean argitaraturiko liburuaren osagarria izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!