Elorrio Futbol Klubaren historia, protagonisten ahotik

Anboto 2024ko mar. 4a, 15:54
Arriola Antzokian egin zuten ekitaldia.

Elorrio futbol taldeak 100 urte bete ditu. Gaur arte heldu bada aurretik klubean egon direnek egindako lanari esker izan da. Euretako batzuk Arriola Antzokiko eszenatokira igo ziren joan zen barikuan eta hamaika kontu gogoratu zituzten.

Mendeurrena ospatzeko ekimenak iragarri zituzten Arriolako ekitaldian. Baina dena ez zen izan aurrera begirakoa. Atzera begira jarri eta klubaren historia errepasatzeko ere baliatu zuten agerraldia. Historia egiten lagundu duten protagonista batzuk eszenatokira igo ziren: Pedro Eriz, Juan Mari Lertxundi, Igor Basterretxea, Marijo Martin, Rakel Zamalloa, Iñaki Madariaga eta Itsasne Larruskain. 

Hasierak

Elorrio futbol kluba, berez, 1923an sortu zen pertsona talde baten ekimenari esker, baina ofizialki 1924an hasi zuen bere ibilbidea, kluba federatu zutenean. 1932tik 1947ra 15 urteko etenaldi bat izan zuen, Gerra Zibila eta beste kontu batzuk tarteko. Baina indartsu bueltatu zen, futbol zelai berri batekin: 1947/48an inauguratu zuten Eleizalde. Sasoi hartako jokalaria izan zen Pedro Eriz. Esan barik doa orduko futbola oso desberdina zela. "Orduan, gure dutxak erreka ziren, elurra eginda ere", gogoratu zuen. Orduko futbol oinetakoak ere ez dute gaur egunekoekin zerikusirik. "Lehenengo eta behin hankak ondo bendatzen genituen, babesteko. Oinetakoak zapatak ziren eta puntan txapa bat zuten. Alboetan larruzko fundak zituzten oinak babesteko. Zapatak lotzea abentura bat zen: behetik gora, atzetik aurrera… Takoak kono formako larru zatiak ziren. Untzekin josten ziren eta untzeak igual hankan sartzen ziren, baina… horrela ibili behar", gogoratu zuen. 

1952/53ko taldea. Pedro Eriz behean, ezkerrik hasita lehenengoa. (Argazkia:  Igor Basterretxearen '1924-1999 C.D. Elorrioren 75 urteko historia' liburutik.

80ko eta 90eko hamarkadak

1979tik 1981era, denboraldi bitan, Hirugarren Mailan jokatu zuen Elorriok, inoiz jokatu duen mailarik altuenean. Talde historiko hartako jokalaria izan zen Juan Mari Lertxundi. "Talde sendoa geneukan. Azken partiduan lortu genuen igoera, Zornotzan, eta oso pozgarria izan zen denontzako". Hirugarren Mailako lehenengo denboraldia ezin izan zuen gozatu, soldaduzka egitea egokitu zitzaiolako, baina bigarrena barrutik bizi izan zuen.

80ko hamarkadaren amaieran Bigarren Erregionalaren eta Lehenengo Erregionalaren artean dantzan zebilen Elorrio, urte batean jaitsi eta hurrengoan igo. Igor Basterretxeak gogoratu zituen orduko kontuak. "Gure garaiko futbolaren ezaugarria harezko zelaietan jokatzen genuela zen. Batzutan buztindu egiten zen zelaia". Baina gustuko tokian, aldaparik ez. "Lagun koadrilla bat ginen. Afariak egiten genituen eta sekulako hartuemana geneukan".

1991/92, emakumeen lehen taldea

1969an izan zen emakumeen partiduren bat Elorrion eta trofeoren ere jokatu zuten, baina ez zuen jarraipenik izan. Beraz, ofizialki 1991/92 denboraldikoa da emakumeen lehenengo taldea. Marijo Martin eta Rakel Zamalloa jokalari aintzindari haietako bi dira. Futbola "gustuko" zutelako batu ziren emakume batzuk eta "ahoz-ahokoak" egin zuen gainerakoa taldea osatu arte. Lourdesko Ama ikastetxeko kantxan entrenatzen ziren; aldagela barik eta euria egiten zuenetan bustita, baina "animoso".

Federatzea erabaki eta klubera joan ziren ideia horrekin. Baietz esan zieten, baina fitxak eta gainerako kontuak eurek kudeatzeko baldintzarekin. "Pegatinak eta kamisetak saltzen hasi ginen dirua lortzeko. Bizkaiko ligan sartu ginen. Orduan sei talde zeuden". Urte haietako entrenatzaileei euren esker ona adierazi zieten jokalari biek.

Gaur eguneko kontuak

Gaur egun, emakumeen taldeak Euskal Ligan jokatzen du. Iaz Euskal Kopa irabazi zuen, gainera. "Eurak [Martin eta Zamalloa] hasi zirenetik gaur egunera emakumeen futbola zelan hazi den ikusi dugu. Gainera, harrobi ezinhobea dator atzetik. Harro egotekoa da eta zaindu beharreko zerbait", adierazi zuen Itsasne Larruskainek. Iñaki Madariagak, gizonen lehen taldeko jokalariak, Elorrioren kamiseta defendatzea "ohore bat" dela adierazi zuen.

1954an, Eleizalde tribunaren inaugurazioa. (Argazkia:  Igor Basterretxearen '1924-1999 C.D. Elorrioren 75 urteko historia' liburutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!