Elorrioko ziklo-kroseko antolatzaileek sekula ez dute ezkutatu euren helburua Munduko Kopan sartzea zela, baina ahaleginek ez dute fruiturik eman. Joseba Gorostiza probako antolatzaileetariko batek honela esplikatu du nazioarteko egutegia albo batera utzi eta Euskadikora batzeko erabakia: "Beti esan izan dugu gure helburua Munduko Kopako egutegian sartzea zela. Baina klase politikoaren artean ez dirudi Munduko Kopa interesekoa denik. Ikusten genuen ez genuela helburua lortuko eta Euskadi mailako lasterketa egitea erabaki dugu". Euskaldun torneoko bigarren proba izango da.
Zapatuan eskola mailako lasterketak egingo dituzte, 15:30ean hasita. 350 bat ume batuko dira. Kadete mailatik gorako lasterketak domekan dira: 10:15ean kadeteena, eta 11:15ean juniorrena. 12:15ean opena izango da, eta horien denen aurretik masterrena, 09:15ean.
Faboritoak
Emakumeetan, Tolosako ziklo-krosean bigarren geratu zen Naia Arregi berriztarra irabazteko faboritoen artean dago, proba hura irabazi zuen Maria Modenesegaz batera. Gizonetan, erreleboa heldu dela dirudi eta gazteak izango dira faborito, batez ere, 20 urteko Diego Ruiz de Arcaute eta 18 urteko Gorka Corres arabarrak. Tolosan lehenengo eta bigarren geratu ziren, hurrenez hurren. Aitor Hernandez beteranoak —41 urte— oraindino badela nor erakutsi gurako du, Tolosan gazte bien atzetik hirugarren sailkatu eta gero. Juniorretan, Mikel Aranzabal elorriarrak, Paul Mendizabal abadiñarrak eta Laida Hierro durangarrak onenen artean ibiltzeko maila dute.
Iaz ezin izan zuten ziklo-krosa antolatu, ibilbidearen inguruan udala egiten zebilen lan batzuengaitik. Horren eraginez, ibilbideko tarte bat "apur bat" moldatu dute, baina ez da aldaketa esanguratsua.