Elorrioko ziklo-kros proba Munduko Kopako parte izan dadin lan egingo dute antolatzaileek

Joseba Derteano 2019ko urr. 22a, 15:28
Elorrioko Udaleko eta Elorrioko txirrindulari elkarteko agintari eta ordezkariak gaurko prentsaurrekoaren ostean.

Domekako probaren ostean, batzar bat iragarri dute Espainiako Txirrindularitza Federazioko ordezkariekin gaiari buruz berba egiteko.

Elorrioko Basqueland Nazioarteko Ziklo-krosaren 44. aldia aurkeztu dute gaur goizean eta askorako eman du. Lasterketaren inguruko datuak ez ezik, proba Munduko Kopara batzeko aukeraren inguruko azalpenak ere eman dituzte, azken egunetan hedabide baten baino gehiagotan argitaratutako informazioetatik abiatuta.

2021etik aurrera araudi berria sartuko da indarrean eta Munduko Kopako egutegia handituko dute. Hau da, lasterketa gehiago izango dira eta aukera hori aprobetxatu gura du Elorrioko Txirrindulari Elkarteak. “Gu saiatuko gara, duda barik”, adierazi du Joseba Gorostiza elkateko kideak aurkezpenean. Horrekin batera, hainbat aldetako batzarra iragarri du domekarako: “Lasterketaren ostean Espainiako Txirrindularitza Federazioko ordezkariekin eta babesle batzuekin batuko gara gai horri buruz berba egiteko”.

Gorostizaren ustez, Munduko Kopako egutegia handitzeak alde “oso onak” ditu, baina baita “txarrak” ere. “Astebururo egongo dira probak eta C2 eta C1 izendapena dutenei kosta egingo zaie eurenera izarrak ekartzea, Munduko Kopa lehenetsiko dutelako”. Elorrioko ziklo-krosak C1 izendapena du gaur egun, Munduko Kopa baino maila bat beherago dago. “Txirrindulari onenak ekartzen jarraitu gura badugu eta ikusita munduko zirkuitua zelan dabilen egituratzen, Munduko Kopako parte izatea litzateke guretzat interesgarriena”, azaldu du Gorostizak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!