Van der Poel, Orts, Onesti, Gonzalez… abenduaren 8an goi mailako ziklistek parte hartuko dute Elorrioko nazioarteko ziklo-krosean

Joseba Derteano 2021ko aza. 30a, 14:32
Erakundeetako, federazioetako eta udaleko ordezkariak gaur Elorrioko udaletxean egindako aurkezpenean.

Aurtengo 45. aldian hainbat nobedade daude: ibilbidea moldatu dute, lehenengoz umeei zuzendutako lasterketak egongo dira, Joseba Muxika gogoratuko dute…

Covid-ak zaildu egin du txirrindularien parte hartzea, baina goi mailko ziklistak etorriko dira. Gizonetan David van der Poel —Mathieu van der Poelen anaia gaztea— eta Felipe Orts dira faboritoak. Biak aurreneko 15en artean sailkatu dira Munduko Kopako hainbat probatan.

Emakumeetan Aida Nuño, Lucia Gonzalez eta Olivia Onesti dira ziklo-krosa irabazteko hautagai nagusiak. Onesti frantziarra 23 urtez azpiko bigarren urtean dabil. 2019an, junior adina zuen arren,  hirugarren amaitu zuen Elorrion. Urte hartan Lucia Gonzalez nagusitu zen. "Maila beretsua dute eta ikuskizun handi baterako osagai denak daude", azaldu du lasterketako zuzendaria den Joseba Gorostizak gaurko aurkezpenean.

Nesken juniorretan Maria Modenes arabarra da faborito. Joan zen astean Abadiñoko ziklo-krosa irabazi zuen bere mailan. Kadeteetan Elorrio Txirrindulari Elkartean dabilen Nahia Garcia aramaioarra nabarmendu daiteke.

Master mailarik ez

Aurten ez da Master mailako lasterketarik egongo. Aspaldiko urteetan antolatzaileak Elorrioko ziklo-krosa munduko kopako egutegira gehitu nahian dabiltza eta jomuga horren barruan "maila honetako probak oso denbora gutxian mantendu daitezke". Urtero lez erakundeen laguntza eskatu dute Elorrio munduko kopako egutegira batu ahal izateko.

Ibilbidean moldaketak

Zirkuituak 2.760 metro ditu eta ibilbidean moldaketak daude. Goiko aldean zuzengune luzeagoak egongo dira txirrindulariak "errekuperatzeko". Beheko aldea "gogorragoa izango da eta ez hain teknikoa", Gorostizaren esanetan.

Beste nobedade bat honako hau da: lasterketa zuzenean emango dute zirkuituan jarritako pantaila handi batetik.

Joseba Muxikari omenaldia

Aurtengo aldian Joseba Muxika omenduko dute. Elorrion EAJko zinegotzi izandakoa iazko abuztuan hil zen, bizikletan zebilela ondoezik aurkitu ostean. "Josebari eta bere ahaleginari esker dago Elorrioko ziklo-krosa dagoen tokian", goraipatu du Gorostizak. Omenaldia eliteko lasterketa bien artean egingo dute; besteak beste, aurreskua dantzatuko diete Muxikaren senitartekoei. Horrez gainera, aurtengo garaikur denek Muxikaren irudia izango dute.

Umeentzako Txiki Kopa

Umeentzako Txiki Kopa ere nobedadea da. Abenduaren 6ko astelehenean egingo dute. Haur-kategoriakoei eta kimu mailakoei zuzenduta dago; hau da, 11-14 urte arteko umeei. Umeengan zaletasuna piztea da helburua. 250 bat ume batzea itxaroten dute. Nagusien zirkuituan zehar ibiliko dira.

ABENDUAK 6 (Txiki Kopa)

- 10:00; Kimu maila.

- 10:30; Haur-kategoriako mutilak.

- 11:00; Haur-kategoriako neskak.

ABENDUAK 8 (Sari Nagusia)

- 09:30; Kadeteak.

- 10:30; junior mutilak.

- 11:30; Emakumeen elite lasterketa.

- 12:40; Gizonen elite txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!