Elorrion ere ostalaritza itxi beharko dute bihartik aurrera eta herritarrek ezingo dute bertatik irten

Anboto 2021ko urt. 21a, 12:32

Inzidentzia tasa 500etik igaro da: 510,20an dago. Ondorioz, Elorrio eremu gorrira igaro da. Atzo zortzi kasu berri detektatu zituzten. Horrela, neurri murriztaileak aplikatu beharreko herrien zerrendan sartu du Jaurlaritzak.

Neurriak hiru dira eta bihar sartuko dira indarrean. 1) Ostalaritzak ateak itxi beharko ditu. 2) Herritarrek ezingo dute dagokien udalerritik atera, ez bada justifikatutako arrazoiengatik 3) Eskola kirola bertan behera gelditzen da.

Durangaldeko beste lau udalerri daude egoera horretan: Durango, Zornotza, Iurreta eta Otxandio.

Semaforoen sistema
Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil herrikako egoeraren berri emateko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Irizpidea ezartzerako orduan, 5.000 biztanletik gorako herrietan, azken 14 egunetako inzidentziak hartzen dituzte kontutan. Horren arabera, 100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira. 300 eta 499 bitartekoak, eremu laranjan. Hortik beherakoak, eremu horian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!