Ostalaritzak ateak itxi beharko ditu Iurretan, Otxandion eta Durangon, eta herritarrek ezingo dute bertatik irten

Anboto 2021ko urt. 18a, 13:15

Neurriak hiru dira eta bihar sartuko dira indarrean. 1) Ostalaritzak ateak itxi beharko ditu. 2) Herritarrek ezingo dute dagokien udalerritik atera. 3) Eskola kirola bertan behera gelditzen da. Durangaldeko lau udalerri daude egoera horretan: Durango, Zornotza, Iurreta eta Otxandio.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusari aurre egiteko agindua kaleratu du. Durangaldean, honako herri hauetan izango du eragina: Durangon, Iurretan eta Otxandion. Bertako ostalariek ateak zarratu beharko dituzte bihar, eta herritarrek ez dute herritik irteteko aukerarik izango, justifikatutako kasuetan izan ezik. Eskola kirolarekin ere berdin. Jarduera etengo dute. Zornotzan joan zen astean zarratu zuten ostalaritza eta neurri horrek indarrean jarraituko du hurrengo egunetan.

5.000 biztanletik gorako herriak

Osasun Sailak semaforo baten antzeko sistema darabil 5.000 biztanletik gorako herrien egoera epidemiologikoa arautzeko. Eremu horia, laranja eta gorria erabiltzen ditu. Horren arabera, Durango 5.000 biztanletik gorako herria denez eta 752,64eko inzidentzia-tasa duenez, udalerria eremu gorrian dago. Beraz, ostalariek ateak zarratu beharko dituzte bihar. Zornotzaren kasuan ere berdin. 5.000 biztanletik gorako herria izanik, eta inzidetzia tasa 1078,20an duela kontuan hartuta, tabernek zein jatetxeek itxita jarraitu beharko dute. (100.000 biztanleko 499 kutsatu baino gehiago dituzten herriak eremu gorrian kokatzen dira).

5.000 biztanletik beherako herriak

Iurreta eta Otxandio 5.000 biztanletik beherako herriak direnez, herri horietan ez dute semaforoen bidezko sistemarik erabiltzen. Dena dela, egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Jaurlaritzak bi udalerri horietako ostalaritza zarratzea erabaki du. Iurretan 542,30ekoa da intzidentzia tasa. Otxandion, berriz, 959,41ekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!