“Informazio larregi jasotzen ari gara, eta ez dakigu zer den egia eta zer ez”

Jone Guenetxea 2020ko ots. 28a, 09:30

Gaizka Badiola elorriarra Turineko enpresa batean lanean dabil. 2006tik hona Italian bizi da. Inguru horretan hiru koronabirus kasu agertu dira. Beldurrez baino, kezkaz bizi du egoera.

Zelan bizi duzu koronabirusaren agerpena Italian?
Turinen bizitza normala egiten ari gara. Hemen, oraingoz, hiru kasu agertu dira. Gai honi buruzko informazio larregi jasotzen ari gara eta ez dakigu zer den egia eta zer ez.

Ezarri dute prebentzio neurririk zuen inguruan?
Ez. Lanean, esate baterako, sukarra izanez gero, badaezpada etxean gelditzeko eta horrelakoak bai, baina, bestela, ezer berezirik ez. Koronabirus kasuak gertatu diren herrietan neurriak hartu dituzte. Beste leku batzuetan herriak itxi egin dituzte.

Gai honi buruz, igartzen duzu beldurrik zure inguruan?
Gure inguruan nahiko lasai gaude. Beldurtuta baino, kezkatuta gaudela esango nuke. Jendea kontzientzia hartzen ari da beldurragaz ez dela ezer konpontzen. Informazio nahasia izateak ere ez du laguntzen horretan.

Informazio asko zabaltzen ari da Italian?
Neurriak hartu dira informazio guztia izan barik. Eta, gainera, hedabideen aldetik alarma zabaldu da.

Euskal Herriko familiak eta lagunek, zer esaten dizute?
Familiagaz berba egin dut honen inguruan, baina ez da aparteko ezer izan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!