Bitartean, alarma sortu beharrean, osasun adituek adi egoteko gomendioa egin dute. Diego Sarasketa botikari zornotzarrak halaxe dio: "Alarmarik ez, baina adi egon behar dugu". Lasaitasunerako hainbat azalpen ere eman ditu: "Koronabirusak ohiko gripeak baino hilkortasun tasa txikiagoa du. Kutsatu direnen %2 baino gutxiago hil dira. Arazoa ez da hori. Arazoa da gaixotasun ezezaguna dela, eta osasun erakundeek ez dakitela oso ondo zein mutazio izan dezakeen etorkizunean. Ohiko gripearen DNA ezaguna da eta haren mutazioak aurreikusi daitezke. Baina koronabirusaren DNA ez da ezagutzen. Ez dakite nola egin dezakeen mutazioa, eta, oraingoz, ez dago horren aurkako txertorik".
Higiene neurriak zainduz gero, birusaren zabalkundea eten daitekeela dio Sarasketak: "Ohiko gripearen modu berean kutsatzen da koronabirusa. Kutsatuta dagoenak botatzen dituen listu tantatxoak arnastuta edo fluidoen nahasketagaz. Eskuak garbituz gero, edo eztul zein doministiku egiterakoan ahoa ukondoagaz edo musuzapi bategaz estaliz gero, mugatu egiten da zabalkundea".
Dena dela, Sarasketak lasaitasunerako deia egin du. Gomendio higienikoei jaramon egitea eta gripearen antzerako sintomaren bat izatekotan medikuarenera jotzea aholkatu du. Bestale, gogora ekarri du koronabirusak ez duela arrisku handirik eragiten herritar osasuntsuengan. Osasun arazo larria dituztenak leudeke arrisku egoeran.