Greba mugagabea arazoa konpontzeko "irtenbide zentzuzkoena" ez dela, eta berriro langileekin negoziatzeko nahia azaldu du Elorrioko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2019ko api. 29a, 11:12

Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoetako garbiketa-zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur.

Elorrioko Udalak, berriz, prentsa ohar bidez azaldu du, jakinda hilabete bakarrean udal-korporazio berri bat egon daitekeela, greba mugagabe bat ez dela, inondik inora, arazoari irtenbidea emateko "erabakirik zentzuzkoena", eta berriz ere eskua luzatzen die langileei mahai baten inguruan negoziatu dezaten.

Udalak oharrean jakitera eman duenez, udaleko ordezkariak ELA sindikatuko ordezkariekin bildu ziren lan-gatazkari irtenbide bat emateko asmoz. Bilera horretan ELAko ordezkariek hurrengo lau urteetan, kontratazio pleguen bidez, soldatetan %50a baino gehiagoko igoera ezartzea eskatu zuten eta udalak sindikatuari bere borondatea erakutsi zion. Hala ere, udalak jakitera eman du, kontratua laister bukatzen dela, beraz negoziazioak egiteko, kontratua sei hilabetez luzatzea proposatu ziotela sindikatuari. "Eskaintza honen aurrean, ELAren erantzun bakarra greba mugagabe baten deialdia izan da" esan dute.

Bestalde, udalak 368.000 euroren truke kontratatzen duela zerbitzua eta Elorrion betetzen duten hitzarmena, LAB, ESK, CCOO eta UGTk iaz sinatutakoa lurraldeko hitzarmen kolektiboa dela esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!