Elorrioko udal eraikinetako garbiketa zerbitzuko langileek greba mugagabea hasi dute

Maialen Zuazubiskar 2019ko api. 29a, 09:39

Eulen enpresak azpikontratatuta duen zerbitzuko langileek egunero egingo dituzte elkarretaratzeak udaletxean, eskolan eta beste zenbait eraikinetan.

Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoetako garbiketa-zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute gaur. ELA sindikatuak jakitera eman duenez, azken urteetan langileek jasandako murrizketekin amaitzea, langileen lan-kargetan hobekuntzak egitea eta kale-garbikuntzako langileekiko soldata arrakalagaz amaitzea eskatuko dute.

Sindikatuak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, udalak aukera "ezinhobea" du praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duen diskurtso politikoa. ELAko kideek esan dutenez, egun kale-garbiketako langileen %80 gizonezkoak dira, eta eraikin eta lokalen garbiketa-zerbitzuan %95a dira emakumeak.

Bestalde, langileak enpresarekin eta udalarekin elkarrizketetak izan dituzten arren, momentuz inolako eskaintza ekonomiko eta sozialik jaso ez dutenez greba mugagabea egingo dutela azaldu dute.

Zaldibarreko zerbitzua ona
Bestalde, ELA sindikatuak Zaldibarko Udalak eraikin eta lokal publikoetako garbiketa zerbitzurako onartu berri dituzten pleguak modu positiboan baloratu ditu. Oharrean jakitera eman dutenez, sindikatuak eta udalak azken hilabeteetan hainbat elkarrizketa egin dituzte eta soldata arrakalaren arazoa sakon eztabaidatu dute. Hori horrela, eraikin eta lokal publikoetako garbitzaileen soldatak %10ean hobetuko diren automatikoki. "Deklarazio instituzionalak eskertzekoak dira, baina emakumeok horrelako ekintza konkretuak behar ditugu benetako berdintasuna lortzeko", bukatu dute sindikatukoek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!