"Arratsaldean plazara irten ginenean txalotuenak izan ginela diote"

Jone Guenetxea 2018ko urr. 5a, 09:12

2003. urtean Errebonbilloetan emakumeek parte hartzeko bidea zabaldu zuten Saioa Gomezek (Elorrio, 1978) eta Nekane Guridik (Elorrio, 1978) .

Zelan sortu zen aldaketa?
Nekane Guridi: Urte askoan ikusi izan genituen Errebonbilloak, eta urtero esaten genuen hurrengo urtean parte hartuko genuela. Behin erabakia hartu genuen eta prestatzen hasi ginen. Dantzarako lokalean entseatzen zuten, eta gu dantza taldeko kideak garenez, bertara joan ginen. Bagenekien 15 izan behar zirela, eta ez genuen inor kanpoan gelditzerik gura. Batzuek esan ziguten urte askoan ibilitakoak zirela eta euren lekua utziko zigutela.
Saioa Gomez: Pare bat urtean Errebonbilloetan dantzara atera gintuzten, eta eurekin afaltzera joaten ginen. Sarritan irteten zen emakumeen gaia, eta parte hartzera gonbidatzen gintuzten.

Zelan gogoratzen duzue lehenengoz Errebonbillo jantzita irten zineten eguna?
S.G.: Eskopetagaz goizaldean egiten da beroketa, eta hor ez dago jende askorik. Gure buruko mina eskopeta zen. Trabatuko ote zen beldur ginen.
N.G.: Arratsaldean plazara irten ginenean txalotuenak izan ginela diote.
S.G: Herrian harrera ona izan genuen, taldean ere harrera ona izan genuelako.

Genero ikuspuntua eta tradizioa bateraezinak direla dioenik  ere bada.  
S.G: Hemen inor ez da benetako Errebonbillo. Mozorro bat da, antzerki bat da. Eta hori edozeinek interpretatu dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!