"Normaltasunez erakutsi digute eta hala egin dugu Dantzari Dantza"

Aitziber Basauri 2018ko urr. 5a, 09:12
Argazlia: Lehior Elorriaga

Txalo zaparrada artean hartu dute talde parekidea Iurretako sanmigeletan, aurten. Iman Aboubik eta Laia Gurrutxagak urduri eta pozik gogoratzen dute momentu hori.

Asteburu berezia izan duzue sanmigeletakoa. Nolakoa izan zen plazara irteteko unea?
Laia Gurrutxaga: Oso berezia. Lehenengoz irten gara plazara. Gainera, orain arte inoiz ez da irten emakumerik zuriz jantzita. San Migel bezperan, azken entsegua amaitu ostean, plazatik irten eta negar batean egon ginen denok; hori bai, pozik. Beti dago zer hobetu, baina dantzan ondo egin dugula esan digute eta pozik gaude.
Iman Aboubi: Hala da. Gure lehen aldia izan da, eta oso urduri geunden. Emozio nahastea izan da bizitakoa.

Harritu egin zaituzte izan duen oihartzunak?
I.A.: Bagenekien oihartzuna izango zuela, baina normaltasun baten barruan bizi izan dugu aldaketa.
L.G.: Normaltasunez erakutsi digute eta hala egin dugu Dantzari Dantza. Ez nuen uste horrenbesteko oihartzunik izango zuenik.

Dantzari dantzaren tradizioa aro berrietara egokitu da?
L.G.: Bai, gizarteak aurrera egin ahal izateko, egokitu beharra dago. Lehenengoak izan gara, eta hurrengo taldeak ere mistoak izatea gura genuke, eta generoari begiratu barik sortzea talde horiek.

Iman, arabiarra izanik, nola bizi izan duzu genero eta integratze ikuspuntu batetik?
I.A.: Normaltasun osoz. Ondo sentitu naiz, gainontzeko neskak lez. Dantzak du garrantzia, eta ez generoak edo jatorriak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!