"Elorrion berdin eutsi zaio tradizioari, eta naturaltasunez gertatu dira aldaketak"

Jone Guenetxea 2018ko urr. 5a, 09:12

Elorrion 1968ko Ferixa Nausikoetan entzun ziren lehenengoz danbor hotsak. 50 urte izango dira umeen danborrada estreinakoz kalera irten zela. Mila Royo antolatzaile aritu da urte askoan, bai helduen bai umeen danborradan. Gainera, bera izan zen danborra jotzeari ekin zion lehenengo emakumea. Emakumeen parte-hartzea "modu naturalean" gertatu dela azpimarratu du elorriarrak.

Elorrioko danborradan zelakoa izan da emakumeen parte hartzea?
Orain 30 bat urte, taldeko emakume batzuek sukaldari postuan egon gura izan zuten. Ea posible zen galdetu zuten, eta arazorik barik parte hartu zuten.

Zeu izan zinen lehenengo emakumea danborra jotzen.
Bai, 2000. urtean izan zen. Elgetan ikasi nuen danborra jotzen, eta gero Elorrioko umeei irakatsi nien. Behin ikasita, danborradan jo nezakeela pentsatu nuen, eta ez zen arazorik izan.

Beste zenbait herritan batzuek diote danborradetan emakumeek parte hartzea tradizioa haustea dela.
Elorrion berdin eutsi zaio tradizioari, eta naturaltasunez gertatu dira aldaketak. Gaur egun, gainera, danborradan emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Batez ere, umeen kasuan nabarmena da. Beste hainbat arlotan ere gertatu da aldaketa. Errebonbiloetan, esate baterako. Errebonbilo Egunean aita-alabak elkarregaz parte hartzen ikusteak, adibidez, emozionatu egiten nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!